Jende ugari bildu da ganadu, barazki eta fruta lehiaketetan

Eguraldia lagun, ohi baino bisitari gehiago izan da Ordiziako plaza nagusian antolatzen den azokan

Ganaduari ere tarte egin zioten atzoko egunean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Ordizia
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Denetik zegoen salgai atzo Ordizian asteazkenero antolatzen duten azokan: frutak, barazkiak, gazta, hestebeteak, loreak, gozoak… Plaza nagusian asteazkenero egiten da azoka, baina atzokoa berezia zen, Ordiziako Euskal Jaien egun handia ospatzen baitzuten.

Asteazkenero bertan egon ohi diren eskulangile eta baserritarrak zeuden atzo ere azokan. Juanita Lazkano zen haietako bat. Barazkiak ziren nagusi haren postuan: «Euskal Jaietako goiza ona izaten da niretzat: dagoeneko saldu ditut letxuga guztiak». Badaki beste batzuentzat ez dela egun ona izaten, baina sumatzen du zein den horren arrazoia: «Ezaguna naiz hemen: 48 urte daramatzat astero hona etortzen».

Bada azokan Euskal Jaien egun handia lehengo aldiz bizi duenik ere; Legazpiko Maite Iturberen kasua da hori. Hala ere, ondo hasi zuen goiza: «Urtarrilean hasi nintzen hona etortzen, eta jada baditut bezero finko batzuk. Egun ona izango dela uste dut».

Txapelketa ugari

Euskal Jaien egun handian ospatzen den txapelketa nagusia ardi latxaren gaztarena bada ere, ez da bakarra. Jende ugari bildu zen, adibidez, Garagartza plazan antolatu zuten Euskal Oiloaren 30.Erakusketan eta lehiaketan. Mota guztietako oiloak zeuden bertan: beltzak, gorriak, marradunak, zilarrak...

Bigara eta behien txapelketa antolatu zuten Garagartza plazaren ondoan. Animaliak adinaren arabera antolaturik, jabeek bertan bildutako jendeari erakutsi zizkieten. Ibilera, bizkarrezurraren forma, muturraren eta adarren itxura... izan ziren epaileekjarraitu zituzten irizpideak.

Oro har, jendez bete ziren Ordiziako kaleak. Denetarik izan zen salgai: gaztak, barazkiak, pastelak... Ataungo eta Lazkaoko talogileak ere bertan izan ziren. Traktore eta baserrietarako etxe tresna modernoak ere ez ziren falta izan Ordiziako azokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.