Bilboko Aste Nagusia. Nerea Orizaola. Txupinera

«Jendearen aurrean aurpegia ematea kostatuko zait gehiena»

Bilbo
2012ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Bilboko Aste Nagusiko txupinera lanetan ibiliko da aurten Nerea Orizaola. Zaratas konpartsako kidea da, eta urte asko daramatza ospakizun horietan lanean, konpartsa barrutik. Pozik baina urduri hartu du eginkizun hori; edozelan ere, ziur dago urduritasun hori alde batean utziko duela jaiak aurrera joan ahala.

Zergatik aukeratu zaituzte txupinera jarduteko?

Urtero, konpartsetako emakume bat aukeratzen dute txupinera izateko, eta dagoeneko gutxi falta dira horretarako. Aurten gureari tokatu zaio, Zaratas konpartsari. Tas-Tas irrati libreko konpartsa gara, eta urte asko daramatzat lanean horretan. Hortaz, erabaki zuten ni izango nintzela aurtengo txupinera.

Nola hartu duzu eginkizun horretarako enkargua?

Beldur handiarekin eta oso urduri. Sentimendu ugari etorri zaizkit burura. Jaiei hasiera emateko momentua heltzeko irrikan nago, ea pixka bat lasaitzen naizen ikusteko. Baina tira: oso ondo hartu dut. Gaur jendearen aurrean aurpegia eman dudan lehenengo eguna izan da, eta oso gaizki pasatu dut.

Zelan pasatu ohi duzu Bilboko Aste Nagusia?

Txosna daukagunetik, egunetik egunera ibili naiz lanean; konpartsa barrutik pasatzen dira jaiak. Hau da, lanean, txandak egiten, txosnak muntatzen eta desmuntatzen... Azken finean, konpartsetako kide guztiak bezala.

Aurten zelakoak izango dira, zure ustez?

Oso diferenteak. Komentatu didatenez, zoragarriak izango dira, ez ahazteko modukoak. Ondo pasatzeko esan didate, oso gogorra dela, baina oso esperientzia polita norberarentzat. Leku askotan egon beharko dut, ekitaldi ugari bisitatzen. Gainera, parranda ere egin beharko dut. Hortaz, goizero Arriaga antzokian 10:00etan eguneko txupina bota behar dudanez, gogorra egingo zait nekeagatik.

Eginkizun horretatik zer gustatzen zaizu gehiena?

Orain arte ez dut pentsatu, baina, agian, toki berriak ezagutzeko aukera izatea gustatzen zait gehiena. Bilboko jaietan dagoen historia orain arte ez dut oso ondo ezagutu. Uste dut konpartsakide moduan ailegatuko ez nintzatekeen tokiak ezagutuko ditudala. Azken finean, txupinera izateak Aste Nagusiko toki guztietan ibiltzea dakar.

Eta gutxien gustatzen zaizuna?

Ez dut oso ondo eramaten jendaurrean hitz egitea; hortaz, zuekin kazetariekin egunero egotea. Hala ere, uste dut azkenean ohitu egingo naizela horretara, baina hasieratik oso zaila egiten ari zait.

Bederatzi egun horietan, noiz pasatuko duzu ondoena, zure ustez?

Jende berria ezagutzean, agian. Oraingoz, ez dakit. Uste dut une guztietan egongo dela zerbait gozatzeko, edo hori lortzen saiatuko naiz, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.