Amaitu da Donostiako Aste Nagusia, eta festen ajearekin batera, balorazioen ordua heldu da. Nerea Txapartegi Kultura eta Euskara zinegotziaren arabera, Aste Nagusia «bikaina» izan da, eta herritarren parte hartzeari eta piraten jardunari esker izan dela esan du. «Zazpi egun hauetan jendetza izugarria ibili da, eta piratek euren bandera jarri diete aurtengo festei». Haren ustez, agerian geratu da herritarrek gero eta protagonismo handiagoa eskatzen dutela.
Donostiako piraten bandera «festa herrikoi eta parte hartzaileen sinbolo» bihurtu da, Txapartegiren arabera. Hori da udalak bultzatu nahi duen jai eredua, eta datorren urteko Aste Nagusiari begira, bide hori indartu nahi dute. Horretarako batzorde berezi bat osatuko dute. «Parte hartzeko festak izateko, antolaketatik bertatik hasi behar du parte hartzeak».
Txapartegiren arabera, guztientzako festak izan dira aurtengoak, prestatutako egitarau «zabala» dela eta. «Bakoitzak festak bizitzeko bere modua du, eta Aste Nagusiak primerako eskaintza dauka guztientzat».
Lehenengo aldiz, zezenketak programa ofizialetik kanpo utzi dituzte, zezenei ematen zaien «tratu basatiarekin kritikoak» direlako. Txapartegik azaldu duenez, «oso jende gutxi joan da zezenketetara, eta datozen urteetan kontuan hartuko dugu».
Saguesko kontzertuetan eta su festetan biltzen da jende gehien. Txapartegiren arabera, Melendiren kontzertua izan da jendetsuena aurten. Berri Txarrak eta Marta Sanchezek eskainitako kontzertuetan ere bete egin zen Saguesko plaza.
'Ezetz ezetz da'
Udaltzaingoaren ustez, sei salaketa jaso dituzte Aste Nagusian genero jazarpenagatik eta bat sexu erasoagatik. Txapartegik azaldu duenez, azken hori ez zen gauzatu, inguruan zebiltzan herritarrek saihestu baitzuten. Genero jazarpenagatik jasotako salaketak, berriz, «larritasun apalekoak izan dira», Udaltzaingoaren arabera.
Sexu erasoen aurka lan egiteko sortu zuen udalak Ezetz ezetzda kanpaina Aste Nagusian, eta festak amaitu diren arren, lanean jarraituko dutela azpimarratu du: «Sexu salaketa bat egotea, bakarra izan arren, ez da berri ona, eta gogor lan egingo dugu desager dadin».
Jendearen parte hartzea, Aste Nagusiko giltzarria
Herritarrek urtez urte gero eta gehiago parte hartzen dute, eta bide horretan sakondu nahi du Donostiako UdalakDatorren urteko festetarako herritarrek osatutako batzorde berezi bat iragarri dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu