Larunbata, eta goizean behintzat, eguraldi ona. Aitzakiarik ez gaur; jendez lepo bete dira goizean goizetik Donostia eta Bilboko kaleak San Tomas azokaren egunean. Donostian denera 205 postu jarri dituzte; gehienak, Konstituzio plazan. Arkupeen azpian kokatu dira txistorra, taloa eta sagardoa saltzen zebiltzanak; gutxi batzuk betiko ekoizleak, eta gehienak elkarte eta ikastetxeetako gazteak, ikasbidaia edota elkarteko ekintzak aurrera ateratzeko diru bila.
Konstituzio plazaren erdian daude baserriko barazki eta frutak saltzen dituztenak, denak bat eginda, dendarien atzean dagoen oihalean produktuak tentuz kokatuta. Batzuek, ordea, mahaiak eraman dituzte aurrealdea ere produktuz bete ahal izateko.
Taloa eta txistorra, sagardoa eta txakolina, baserritar jantziak eta txapelak. Denak dira San Tomas azokaren ezinbesteko elementuak. Donostian, baina, urteroko protagonista ez dira jakiak izaten. Aurten Ximona izena du, urtero bezala Leitzako Arro baserritik (Nafarroa) eramaten duten txerrama. Egurrezko hesi batez inguratuta, han zen Ximona, 348 kilokoa, lasto artean etzanda, apenas mugitu gabe. Inguruan, dozenaka haur eta heldu, txikienak lehen lerroan jarrita eta helduak, berriz, sakelakoa eskuan hartuta animaliari argazkia atera nahian.
Bilbon, bestelako egitura du azokak. Gaztetxo eta elkarteen posturik apenas ikusten da, eta Bizkaiko hainbat baserritako ekoizleak dira nagusi, nor bere postuan. Aurten, 248 salmahai jarri dituzte Areatza eta Plaza Barrian, eta denetik eros daiteke: gazta, barazkiak, eztia, ogia... eta, nola ez, taloa eta sagardoa. Bertaratutako gehienek dute edalontzia esku batean, eta bestean, taloa. Bilbon aurten lehen aldiz hasi dira edalontzi berrerabilgarriak saltzen azokako postu guztietan. Donostian urteak daramatzate dinamika horrekin. Oro har, azoka garbiagoa egiteko ahalegina da.