ATZEKOZ AURRERA

Jendetzak bete ditu karrikak

Arrakastatsua izan da Elizondoko udazkeneko feriako lehenengo eguna. Jende andana ibili da animaliak ikusten eta erosketak egiten. Gaur, salgaiak merkeago erosteko aukera izanen da.

Merkatu azokan egiten duten animalien azoka da jende gehien biltzen den guneetako bat. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Elizondo
2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Elizondoko karrikak (Nafarroa) jendez bete ziren atzo, udazkeneko feriako lehenengo egunean. Eguna lainotuta ernatu zen, baina, hala ere, jende andana bildu zen Elizondora. Giro ona zen nagusi, eta jende anitz zebilen aspaldi ikusi gabeko lagunak agurtzen. Denen ahotan zen aurreko urteetan baino jende gehiago zebilela karriketan erosketak egiten. Jende gehiago bai, baina saltzaile batzuk kexu ziren jendeak erosteko ohitura galdu duelako.

Merkatu plazan egoten den animalien azokak biltzen du jende gehien Elizondon. Atzo ere, jendez gainezka zegoen plaza. 400 abelburu inguru zeuden bertan, eta jende andana ibili zen horiek ikusten eta baserritarrekin solasean. Erratzuko (Nafarroa) Julen Etxaideren animaliak ziren atentziorik handiena ematen zutenetako batzuk. 30 zaldi eta hamabi pottoka eraman zituen azokara 14 urteko gazteak. Aitarekin batera zebilen plazan animaliak zaintzen eta jendearekin solasean. Animaliak erakutsi bai, baina traturik egiteko intentziorik ez zuela nabarmendu zuen Etxaidek. Merkatu plazaren atzeko aparkalekuan, berriz, baserriko lan tresnen erakusketa zegoen, eta bertan ere jendetza zebilen tresnak ikusten.

Animaliak ez ziren eguneko protagonista bakarrak izan Elizondon, erdiguneko karrikak postuz beteta baitzeuden. Jaime Urrutia karrika zen postu gehien zuen guneetako bat.

Postu gehienetan neguari aurre egiteko arropa eta oinetakoaksaltzen zituzten. Baziren, hala ere, barazkiak eta gaztainak saltzen zituzten postu batzuk ere. Feriarako espresuki joandako saltzaileek ez ezik, herriko denda batzuek ere atera zituzten salgaiak karrikara.

Arropa saltzen zuen postu baten ondoan zen Mikel Agirre eskulangilea. Loreak oinarri hartuta, eskuz egindako bitxiak zituen salgai bere postuan. Elizondoko ferian laugarren aldia zuen Atxondokoak (Bizkaia), eta nabarmendu zuen salmenta ona izaten zela: «Salmenta ona izaten da, eta giroa ere bai; hala ere, gauean oraindik giroa hobea izaten». Eguneko bestak gauean ere jarraipena izaten baitu Elizondon, eta inguruko herrietatik jende anitz bertaratzen da Nafarroako herrira.

Eskulangileez gain, janari postuak ere bazeuden kalearen bi izkinetan; gazta postuak ziren nagusi. Hala ere, postu horien artean, ogi ekologikoa saltzen zebiltzan Izur okindegiko langileak. Aiaraldetik (Araba) joan ziren Elizondora, eta bortzgarren aldia zuten bertan. Goizean salmenta ona egin arren arratsaldean saltzea gehiago kostatzen zitzaiela onartu zuten. Hala ere, karriketan zegoen «giro ona» nabarmendu zuten.

Idoia Bertiz beratarra zen lagunekin erosketak egiten zebilen bisitarietako bat. Lehen aldia zuen Elizondoko ferian: «Gustura gabiltza, denbora azkar pasatu zaigu, eta hori seinale ona da. Giro ona dago». Txorizoa eta euskal pastela erosita, kontent itzuli zen Berara. Iluntzean berriz Elizondora itzultzekoak ziren bestara.

Arrakastatsua izan zen feriako lehen eguna Elizondon; gaur, atzoko postu batzuek, berriz ireki, eta arropak merkeago salduko dituzte. Atzoko jendetzarik gabe, erosketak lasai egiteko aukera izanen du Elizondora bertaratzen denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.