Egun osoan kafe dexente hartua nengoen, eta... katxis, gauean ezin lokartu. Erdi urduri erdi aspertuta, telebista piztu eta erraz lokartzeko zerbaiten bila jarri nintzen. Zappingari ekinez, Lucia Bose aktorearen plano hurbil batekin egin nuen topo. Ez dut ia ezertaz ezagutzen, baina emakume aske, moderno eta kuriosoa iruditu zait beti, ile urdin koloretsu horrekin, dotore-dotore.
Emakumea mutu zegoen, oso hunkituta, malko irristakor parea masailetan.Hara, zer du oraingoan? Zein katetan nengoen ikusita, nahigaberen bat kontatzera etorria zela pentsatu nuen. Baina keba, hori baino okerrago. Emakumeak medium delako bat zuen parean, eta bien erdian, aurkezlea. Berehala ulertu nuen zer gertatzen zen. Nonbait medium edo bitarteko horrek hildakoekin harremanetan jartzeko gaitasun berezia du, eta aldiro parean duen biktimari iraganean oso gertukoa izandakoren baten mezua igortzen dio. «Une honetan zure alboan dago. Zoriontsua dela esan nahi dizu, joandako beste senide batzuekin dagoela eta beti babesten zaituela. Gogoratzen duela zu txikitan...».
Egia ala gezurra, hori al da guk merezi dugun ikuskizuna? Norberaren sinesmenaren arabera baliagarria izan daitekeen ezkutuko mundu delikatu horren inguruan saio bat eginez ikusleak hunkitzea al da helburua? Zera, gaudenokin nahikoa ez balitz bezala, ez daudenak ere telebistan publikoki hitz egitera behartu behar al ditugu orain? Eta nolatan sartzen da Bose anderea halako saltsa barregarri batean? Tristea ez,negargarria iruditu zitzaidan. Disparate bat.
Arte katean, Placeboren kontzertua... Harekin bai, goxo-goxo lokartu nintzen.
Joandakoen bisita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu