Ezarian. Ituren eta Zubietako inauteriak

Joareek joareei oihartzun

Iturenera joan ziren atzo Zubietako eta Aurtizko joaldunak, eta itzuli egingo diete bisita gaur iturendarrekJendetza bildu zen atzo herriko plazan, herritarrekin batera inauteriak ospatzera

Goiza lainopean eta hotz joan zen arren, eguzkipean bukatu zuten atzoko inauteri eguneko festa joaldunek Iturengo pilotalekuan. LANDER FERNANDEZ DE ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Ituren
2012ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Zaharra da haien hotsa, baina urtero berritzen dute inauterietan Iturengo eta Zubietako joaldunek (Nafarroa). Ahaztua dute lehen joare kolpea, baina bizi-bizirik da haren oihartzuna herritarren artean, eta atzoko eguna izan zen horren froga. Ardi larruak jantzi, isipuak hartu, joareak eta ttuntturroak jarri, eta bisita egin zieten zubietar eta aurtiztarrek iturendarrei. Lainopean hasi arren, eguzkipean bukatu zen festa, gainera. Zubietara joateko txanda izango dute gaurkoa. Joareak joareei oihartzunka, berriz ere.

«Horrekin sortu gara». Hala azaldu zuen Pello Santesteban zubietarrak joareekiko duten lotura. Baina inauteriak ez dira joaldunak soilik. Goizez, ia herri guztia zegoen gosaltzen ostatuko etxabean. Baita Santesteban ere. «Umeak, gazteak eta zaharrak denak egoten gara elkarrekin inauteritan, eta oso giro berezia egoten da». Arantxa Mutuberria ez zuen mahaian oso urrun. Ez da herrian bizi, baina ezin inauterietan faltatu. «Txikitan modu batera bizitzen ditugu, koskortzean beste batera, eta handitzean beste batera. Orain hala bizi ditut nik; begira. Eta gustura».

Aurtitz auzoan ere antzekoa da giroa. Herri bat dago elkartean herriaren bueltan bilduta, ume-umetatik hasita. Urte eta erdi du Kepa Leizaren semeak, bera baino gehiago da edozein ttuntturro, baina nahiko adin badu, halere, joaldunez janzteko. «Txiki-txikitatik hasi gara hemen guztiok». Ostegunean abiatu ziren inauteriak beren auzoan, eta ahotsean ere igartzen zitzaion atzo festaren aztarna Eneritz Aioroari. «Oraindik indarrez». Proposamena ere egin zuen: «Aurtitzek ez du egun propiorik, eta igual jarri egin behar genuke». Mozorroz jantzita atera zen, baina janzten ditu berak ere joareak. «Asteazkenetan jartzen ditugu neskek, puska biltzeko azken egunean. Badira urte batzuk horrekin hasi ginela, eta orain ondoren datozenak ere hasi dira asteazkenetan joareekin ateratzen».

Sabaiko giro beroa

Hotza da kanpoan, baina beroa zen giroa Iturengo herriko etxeko sabaian. Kuxkuxtu txaranga izan zen arduradunetako bat. Urteak dira inauterietara joaten hasi zirela, eta hutsik ez dute egin geroztik. Taldeko kidea da Filipe Aldako. «Iturengo jendea errespetatuz laguntzen ditugu musikaz. Baina egia da beharbada familian pixka bat sartuak garela». Gosaltzen zebiltzan Aldakok familia deitutako herritarrak. 400 bat arrautza prestatu zituzten sukaldariek, eta edaririk ere ez faltan. Eserita, denak solasean, harik eta Joxemari Fagoaga mahaitik zutitu eta lanean hasi arte. Herritarren artean, herritarrek janzten dituzte herritarrak. Banan-banan joaldun bakoitza. Bisitarien argazki kameren begiradapean, betiere.

«Honen esperoan egoten gara urte guztian». Jantzi berria zen Egoitz Gorrostarazuk egun handitzat du inauterietako astelehena, eta, haren hitzetan, ardura moduko bat badu joareak janzteak. «Mozorroz beztitzean ez da hainbeste begiratzen edariarena; baina joaldunez jantzi behar izanez gero, buelta luzea egiten da, eta hobe da aurpegi onarekin joatea». 40 bat urte daramatza Jabier Bereauk joaldunak janzten, baina ezberdina izaten da urte bakoitza, eta errepikatu egin behar. «Hau ez da akitzen. Akituko da gu mundu honetatik joaten garenean bakar-bakarrik».

Plazako ikuskizuna

Herrian joan-etorri bat, eta Latxaga auzora joan ziren Iturendik ateratako joaldunak. Han ziren Zubieta eta Aurtizkoekin biltzekoak, eta ez zuten hutsik egin. Elkarri egin zuten Iturengo frontoirako bidea. Ehunka bisitari zituzten zain han. 56 joaldun, binakako ilaran, plazaren erdian. Horra ikuskizuna, eta jendea inguruan. Mozorroak ere bai tartean, auto, hezur eta maskarekin festari kaos apur bat gehitzen. Joaldun bikote segidaren erdira herrenka sartu zen haietariko bat, errege koroa, sari militar mordoa eta Juankar zioen arropa jantzita. Zut-zut jarri, eta agur militarra egin zien joaldunei. Bazegoen halakoetarako festarik.

Landa inguruko inauteriak dira Iturengoak eta Zubietakoak, eta landa giroko elementuz bete zuten frontoia mozorroek. Lasto fardoak, abere gorotz eta gernua, motozerrak, basurde hankak, oiloak... Eskura duten edozer, azken finean. Mordoa izan ziren mozorroz janztea erabaki zuten herritarrak atzo, gainera. Behin maskara janztean, ezin zein zen asmatu, baina mozorro horietariko bat zen Aberri Untxalo. «Joaldunak dira protagonistak, baina hemen mozorrorik gabe gauza asko izango ziren falta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.