Larrua bizkarren hartu, eta joareei dilin-dalan gogoz eragin. Hala prestatu zieten ongietorria Errege Magoei iturendarrek, goizuetarrek eta aurtiztarrek atzo. Umeak lehenik, gazteak gero eta helduak azkenik; Errege bezperan urtero ohi dutenez, kalez kale aritu ziren herritarrak abisua ematen. Inor gutxi geldituko zen jakin gabe, azkenerako, batzuen eta besteen artean egin zuten soinuarekin.
Arratsaldeko hirurak aldera atera ziren haurrak beren joare eta zintzarriekin etxetik. Gogotsu. Inor gutxirentzat zen halakorik ikusten zuen lehen aldia, baina bai joareak bizkarrean jartzen zituzten lehena, askorentzat behintzat. Ez da prestaketa txarra inauterietarako. Kalerik kale nekatu, eta etxeetan zer edo zer ematen zieten herritarrek, gainera,jateko eta edateko. Nahikoa indarrak berritu eta berriz ekiteko. Askorik ez zuten behar, halere.
Geroago atera ziren 14 eta 15 urte inguruko gazteak, iluntzen hasi zenean, eta are beranduago helduak: afalostean. Joaldunez jantzita gehienak, joaleekin baino ez besteak. Zubietara joaten dira iturendarrak joaleak bizkarrean lotuta, eta Iturenera zubietarrak. Garai batean bezala.
Dena ez da berdina, ordea. Garai batean Errege bezperan erabakitzen zuten bi herrietako joaldunek zer egunetan ospatuko zituzten inauteriak, bidea egina zutela baliatuz. Denborarekin, eta izandako aurrerapenekin, gero eta motzagoa bihurtu zen herri batetik besterako tartea, eta urtarrileko azken asteburuan ospatzen dira egun, negoziaziorako tarterik gorde beharrik gabe.
Herriz herri aldatuz doan ohitura
Ez da Ituren Errege Magoei ongietorria hala egiten dien herri bakarra. Etxalekun, Irunberrin, Igoan, Erronkarin eta beste hainbatetan ere ateratzen dira ume eta gaztetxoak kalera Errege bezperan. «Biba Errege!», oihukatzen dute batzuetan, joare, zintzarri, pulunpa eta bestelakoen soinuaren gainetik. Soinua baino ez dute egiten besteetan. Bakoitzak bere gisara, baina denak ongietorria ematera
Umeentzat izaten ziren zintzarriak, eta zaharragoentzat, berriz, joare eta ezkila handiagoak. Gaur egun, baina, ez da halako bereizketarik egiten, eta batekoak zein bestekoak daramatzate haurrek.
Irunberrin eta Erronkarin ez dira joale, zintzarri eta ezkilekin konformatzen, ordea, eta eltzeak eta koilarak ere hartzen dituzte, soka bati lotu eta arrastaka ibiltzeko. Soinua egitea da garrantzitsuena.
Badira korrika eta saltoka ibili beharrean etxean gelditzen direnak ere. Elizondoko Behartzun auzoan, adibidez. Ilundu orduko hasten dira han ongietorri hotsak. Etxe bateko leiho atzetik ezkila jotzen du nork edo nork, eta beste etxe, baserri edo bordatik berdina eginezerantzuten diote.
Jose Mari Satrustegi ikertzaileak dioenez, garrantzi sinbolikoa ere badute soinu horiek, gainera. «Zintzarriek izpiritu gaiztoak izutzen zituzten, gure arbasoen arabera».
Joareen desfilea
Garai bateko ohiturari jarraituz, joareak bizkarrean hartuta herrian gora eta behera ibiltzen dira ongietorria prestatzeko Errege Magoei hainbat herritan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu