Uraren Euskal Agentziako teknikari izaki, Fran Silvanek ondo ezagutzen du itsas belardien garrantzia. «Fanerogamoak desagertzeak itsasoaren biodibertsitatea eta produktibitatea gutxitzea dakar». Oharra eginda, itsasadarretako landaredia leheneratzeko proiektuaren inguruko xehetasunak eman ditu.
Zein da Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasadarren egungo egoera?
Egoera ezberdina da horietako bakoitzean. Hainbat bokaletan egoera ekologikoa ona izatea lortu da. Hori arrakasta handia da, duela ez hainbeste urte egoera zein zen kontuan hartuta. Hobekuntza nabarmenagoa da degradazio maila txikiagoa zuten itsasadarretan. Egoera okerragoan zeuden bokaleei gehiago kostatzen ari zaie jarritako helburuak betetzea.
Azken urteotan hobetu ala okertu al da itsasadarren ingurumen egoera?
Joera orokorrak erakusten duenez, itsasadarren egoera ekologikoak hobera egin du. Hala ere, aurrera egiten jarraitu behar dugu, bokale guztietan ez direlako betetzen araudiak eskatzen dizkigun kalitate helburuak.
Zertan datza abiarazi duzuen proiektua?
Lan honen helburua da Zoostera nostii espeziea berriro landatzeko kostako eremu egokienak aurkitzea. Landare hori bertoko espeziea da, murgildutako belardiak sortzen ditu, eta desagertzeko arriskuan dago. Espeziearen egungo egoera ezagutzea eta itsasadarretan haren presentzia eta garapena sustatzea oso garrantzitsua da, bokalen ekosistementzat onuragarria baita.
Noiz hasi zineten egitasmoa martxan jartzen, eta zeintzuk izan dira haren faseak?
Proiektua 2008an jarri zen martxan, eta, orduz geroztik, lanean dihardugu, espeziearen inguruko ezagutza hobea izateko eta gure lurraldean berreskuratzeko aukerak zeintzuk diren jakiteko. Proiektu konplexua da; hainbat ekintza garatu dira: bizileku ezberdinen egokitasuna ikertzeko ereduen garapena, espeziearen analisi genetikoak, birlandatze progresiboak, ale emaileak izan diren landare populazioengan izandako eraginaren ebaluazioa... Konplexutasun horren xedea da ekintzak kalitate berme guztiekin garatzea. Hori dela eta, lantaldea kontaktuan dago beti itsas fanerogamoetan adituak diren beste ikerketa taldeekin.
Zenbateko aurrekontua izango du proiektuak?
Ez da erraza zehaztea etorkizunean ikerketa horiek zer aurrekontu izango duten. Horretaz gain, argi dago krisi ekonomikoa ikerketa horietan ere nabarituko dela.
Bizkaian eta Gipuzkoan dauden hamabi itsasadarretatik hiruk baino ez dute itsas belardirik. Gainontzeko bederatzietan zergatik ez dago landaredi mota horren zantzurik?
Hainbat hamarkadatan, gizakiek padurak okupatu zituzten, eta uraren kutsadura mailak espezie horiek desagerrarazi zituen. Gaur egun, kutsadura maila gutxitzearen ondorioz, espezie horien itzulera plantea daiteke. Hortik sortu zen orain garatzen ari garen lanen ideia. Espeziea ingurune egokietara itzularazi nahi dugu, euren kabuz bueltatzea oso zaila delako.
Frogatuta dago bederatzi itsasadar horietan noizbait itsas belardirik izan dela?
XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran lan egin zuten botanikoek egindako idatzizko aipuen arabera, Ibaizabal eta Oiartzun ibaien bokaletan bazegoen itsas belardirik. Haatik, euskal itsasadarren ezaugarriak kontuan hartuta eta azken mendean izan duten garapena ezagututa, oso litekeena da espezieak euskal bokale gehienetan egon izana.
Zein funtzio betetzen du flora mota horrek itsasadarretako ekosistemetan?
Itsas belardiek oso funtzio garrantzitsuak betetzen dituzte, hala nola hainbat animaliarentzako elikagaia eta babeslekua izatea. Euskarri garrantzitsua dira ornogabe, arrain eta itsas hegaztien populazioentzat. Horrez gain, uraren kalitatea hobetzen laguntzen dute.
Zergatik ari dira desagertzen itsas belardiak?
Euskal Herriari dagokionez, itsas fanerogamoak mareen arteko guneetan hazi ohi dira. Kostaldetik gertu egoten direnez, gizakiaren mehatxua pairatu behar dute itsas belardiek. Atzera egin izanaren arrazoi nagusia bizilekuak azpiegiturak eraikitzeko okupatzea da. Beste arrazoi bat itsaski bilketa da, belardiak finkatzen diren sedimentuak iraultzen dituelako. Sakontasun txikiko ainguratokiak ere kaltegarriak dira, mareak behera egiten duenean itsasontzien beheko aldeek itsas sedimentuaren aurka zuzenean egiten dutelako talka.
Zeintzuk dira itsas belardiak desagertzearen ondorioak?
Kostaldeko ekosistemen balio ekologiko zein ekonomikoa gutxitzea eragiten du.
Azken urteetan Plentzian eta Zumaian birlandatze prozesuak martxan jarri dira. Zein emaitza jaso dira?
Landareak ondo hazten ari dira, gutxika-gutxika. Erritmoa motela dela eman arren, habitat eta landare mota horietan espero daitekeena da. Kasuren batean, uholdeek arrastaka eraman dituzte birlandatzeak ezarrita zeuden lurzoruak, eta bertan landatutako landare guztiak errotik kendu.
Fran Silvan. Uraren Euskal Agentziako teknikaria
«Joera orokorrak erakusten duenez, itsasadarren egoera ekologikoak hobera egin du»
Egunotan, itsas belardiak leheneratzeko proiektuan murgilduta dabiltza Uraren Euskal Agentzian: Bizkaiko eta Gipuzkoako ibaien bokaleetan, 'Zoostera nostii' espeziea birlandatzen dabiltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu