Txantxak txantxa dira, bestelako asmorik ez badute, behintzat. Eta jakin egin behar genuke ziri gisa hartzen. Gertatzen da, hala ere, norbera umorez ari bitartean, beste inor serio mintzatzea gai beraren inguruan. Abstraktuegia da horrela azalduz gero. Goazen adibide zehatzetara:
—Anjel Lertxundik BERRIAn, Abenduaren 28an: «ETB2 pixkana-pixkana desegin eta ETB1ekin gelditzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Pare bat urte barru, EAEk ez omen du euskarazko katea baino ordainduko. Krisia eta TDTak eragin berri duen gaztelaniazko telebisten ugaritzea daude, itxuraz, erabakiaren atzean. Baina, batez ere, euskarari benetako bultzada emateko borondate benetakoa eta eraginkorra».
—Emilio Guevarak El País-en, Abenduaren 26an: «Nire iritziz, alor bakarrean da beharrezko ETB: euskarari dagokionean. Gizarte elebidun batean, bi jatorrizko hizkuntzarekin, euskarazko telebista ezinbestekoa da, bai hedabide honetan murgiltzean hizkuntza aukeratzeko eskubidea izateko bai hizkuntzaren beraren hedapenerako». «Hori gizarteak duen benetako beharrizana da, une honetan botere publiko euskaldunek soilik bideratu dezaketena. Baina ETBren gainontzeko ekimenak pribatizatu ala bazterrera utz daitezke».
Inuxenteen eguneko umorez ala arduraz hartu, ala bietatik, gaia pil-pilean dagoela dirudi. Gaia, oro har, ETB bera. Behintzat, zenbaitzuk nahi baino gehiago. Ziur asko, askok nahi baino gutxiago. Heldulekuak asko: EITBren funtzioa, publikoaren eta pribatuaren arteko mugak eta hedabidearen kokapena birdefinitu beharra, zentsura, langileen egoera eta lan baldintzak...
Eta, bitartean, hain zuzen, Guevarak bere iritzia eman zuen egunkarian eta egun berean, EITBko zuzendari nagusia jokoz kanpo. Umorez hartzea nekeza, seriotasunez nekezagoa: «EITBk herri bezala ahalegin kolektiboa behar du, batez ere, ikus-entzunezkoen une ezegongonkor honetan, hura ahultzeko interes asko baitago audientziak negozio pribatuetara bideratzeko».
Ez dugu ulertzen, ez duelako ulertu nahi. Arazoa ez da harena. Gurea da, harena bezainbeste. Hala ere, ni ez naiz EITBko zuzendaria nagusia. Zu ere ez. Ez dugu eskumen eta gaitasun bera ahalegin kolektibo balizkoaren barnean. Zer esanik ez, ohi bezala, ahaleginak norbanako jakin batzuena izaten jarraitzekotan.
Ekografiak. Jokin Labaien
Jokoz kanpo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu