Hizkuntza sustatu eta, bide batez, euskararekin jolastuz ongi pasatzeko lehiaketa da Euskararen Ginkana. Sarean jokatu da txapelketa berezi hau orain arte, eta finala larunbatean izango da, Donostian, euskararen nazioarteko egunean. Kutxa Ekogunearen eta Donostiako Euskara Patronatuaren ekimenez antolatu da, eta aurtengoa da lehendabiziko urtea.
«Euskararekin harremana duten galderak eta harekin lotura duten probak jarri ditugu horretarako propio sortutako webgunean», azaldu du proiektuaren arduradun Zuriñe Sanchez Moguregik. Hala, azaro osoan www.euskararenginkana.net webgunean astero hiruzpalau proba jarri dituzte.
Sarean bertan izena emandakoek —galdetegi sinple bat betetzea nahikoa zen— heldu behar izan diete proposamen horiei. Parte hartzaileek, esaterako, tximeleta hitzaren bost sinonimo pentsatu behar izan dituzte, eta bigarren esanahia duten hiru kolore aurkitu. Euskarazko lehendabiziko liburua zein den eta non aurkitu zen, eta euskarazko esaldirik zaharrena ere asmatu behar izan dute.
Adimena ez ezik, entzumena ere zorroztu dute. Grabaketa batzuetako euskara zehazki zein herritakoa den ikertu, eta kantu bat entzunda abeslariaren berri eman. «Tabernetako eta saltokietako euskarazko kartelen hamar argazki ateratzeko ere proposatu diegu. Galdera gehienak errazak izan dira, gertukoak behintzat», gaineratu du arduradunak.
Proba bakoitzak puntuaketa ezberdina izan du, eta sailkapeneko lehendabiziko hamar lagunak pasatu dira larunbateko finalera.
«Ginkana bat antolatuko dugu. Ez da adimena bakarrik erabiliko; proba fisikoa ere izango da», esan du antolatzaileak. Pista batetik bestera ibilbidea osatuz korrika joan beharko dute parte hartzaileek. Edonola ere, proba zehazki nolakoa izango den ezin duela azaldu dio Sanchezek.
Sariak, guztientzat
Donostiako Bulebarrean jarritako karpan jokatuko da finala, larunbatean, 17:00etan; eta, aurretik jakinarazi dutenez, inor ez da esku hutsik itzuliko etxera. Lehen hiru sailkatuek eramango dituzte saririk erakargarrienak, hala ere. Ekologiarekin lotutakoak guztiak: «Irabazlearentzat globoz Gipuzkoan zehar egiteko bi lagunentzako hegaldia prestatu dugu. Globoan bertan piknik ekologiko bat dastatuko dute». Nekazaritza turismo batean bi lagunentzako asteburuko egonaldia eskuratuko du bigarren postuan geratzen denak. Nekazaritza ekologikoa nola egiten den bertatik bertara ezagutzeko parada izango dute, gainera. Eta hirugarren sailkatuak Donostiako jatetxe batean afari ekologikoa irabaziko du.
Gustura dira lehiaketak izan duen harrerarekin: «Hirurehun parte hartzailetik gora izan dira; askotariko jendea. Oso balorazio ona egiten dugu. Guk Donostialdean bakarrik zabaldu dugu egitasmoa, batez ere, baina eskualdekoak ez diren pertsonek ere parte hartu dute. Eibarko ikastolako haurrek, adibidez. Edonorentzat irekita egon da».
Hurrengo urtera begira Euskal Herri osoan egin nahi dute lehiaketaren publizitatea: «Sustatun erabiltzaile batzuek esaten zuten tristea zela Donostialdean bakarrik eman izana proiektuaren berri. Gomendioa kontuan hartuko dugu».
Kataluniakoa eredu
Euskal Herrian aitzindaria izan da Euskararen Ginkana, baina ideiaren oinarria Kataluniatik hartu dute, antolatzaileak nabarmendu duenez. Hango herri txiki batean egin zuten gisa honetako lehiaketa, eta Hospitaletera iritsi zen esperientzia, geroago.
«Kutxa Ekogunean hizkuntza ekologia lantzen hasi gara aurten. Gaiarekin zerikusia zuen EHUko udako ikastaro batera joan ginen, eta, bertan, hizkuntzalari kataluniar batek hango esperientzia kontatu zigun». Hizkuntza ekologiaren teoria baten arabera, bioaniztasun handiagoa duten lurraldeetan hizkuntz aniztasuna areagotu egiten da. Sanchezek adierazi du Amazoniako adibidea aipatzen dela gehien.
Jolasaren bidez euskara bultzatuz
Euskararen Ginkana lehiaketaren finala jokatuko da larunbatean; sarean irabazle izan direnak egongo dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu