Jaiak. Lakuntza

Jolasean aritzeko sei egun

Gaur botako dute 'Guaixe' astekariko kideek Lakuntzako festak hasteko txupinazoa

Sei egunez musikaz beteko da herria: txarangak, dantza taldeak eta kontzertuak izango dira. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da parranda Lakuntzan (Nafarroa). Ezkilen errepikak iragarriko du festa, eta 12:30ean izango da txupinazoa.Suziria lehertzean, herria ere lehertuko da. Urtzaile, Etxekoandre, Dantzari eta Nekazari izeneko erraldoiak eta Ozkai txaranga kalez kale ibiliko dira, eta Elai Alai eta Orritz dantza taldeak izango dira herriko plazan. Musikaz beteko da herria, eta osteguna bitarte ez da egitekorik faltako.

Aurten, Guaixe Sakanako astekariko kideek botako dute suziria. «Udako gida bat prestatzen ari ginen, eta erredakziora etorri ziren Lakuntzakoak. Orduan esan ziguten. Sekulako ustekabea izan zen», dio Alfredo Alvaro astekariko kazetariak. «Oso pozik gaude». Kideak bilatzeko kanpaina bat abiarazi du Guaixe-k aurten, eta horri bultzada emateko eman dio udalak txupinazoa botatzeko aukera. «Euskarazko hedabideen egoeraren berri emateko eta, bereziki, guri babesa emateko eman ziguten aukera».

Bierrik fundazioarena da Guaixe astekaria, eta Beleixe irratia ere kudeatzen dute bertako kideek. Bi urtean heren batera jaitsi da diru laguntza bidez jasotzen zuten diru kopurua. Eta larri utzi ditu horrek. «Euskarazko hedabideen egoera zaila da, eta tokiko komunikabideena ere bai». Horregatik, 2.000 bazkide lortu nahi ditu fundazioak. Beleixeguaixe txartela atera du horretarako, eta harekin deskontuak lor daitezke Sakanako denda eta tabernetan.

Errepresaliatuak gogoan

Goizean goiz hasiko da eguna gaur. Zabortegian, zehazki. Plater tiroketa antolatu dute ehiztariek, eta ondoren, urtero bezala, auzatea egingo dute herriko tabernek. Eguerdian, auzatea bukatuta, errepresaliatuak gogoratuko dituzte. Brindisa antolatu du Haizea elkarteak, eta, ondoren, herri bazkaria izango da herriko plazan, haien omenez hori ere. Bihar, berriz, elkarretaratzea egingo dute 20:00etan.

Gauero musika talde bat izango da plazan. 20:00etatik 22:00etara joko dute lehenengo, eta zezensuzkoa amaituta, berriro igoko dira oholtzara. Gaur, Tximeletak emango du kontzertua, eta, bihar, Joselu Anaiak taldea izango da.

Astelehena haurren eguna izango da. Erraldoi eta buruhandien konpartsarekin hasiko da eguna, eta, ondoren, puzgarriak eta jokoak jarriko dituzte herriko plazan. 18:00etan, txokolatea edango dute, eta kantatu nahi duenak playback egiteko aukera ere izango du. Asteartea aitona-amonen eguna izango da. Eta izango da jolasteko aukerarik ere. Antzinako jolasak izango dira: kalba eta zinten jolasak. Gazteek azken egunean izango dute jolasteko aukera. Osteguneko gazte bazkariaren ostean, konplimendu lehiaketa egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.