Jolastuz ikasi

Euskal Herria haurrei ezagutarazteko prestatu du 'Zer gara gu, nor gara gu' jolasa Gotzon Barruetak. 800 galde-erantzunen bidez, modu ludiko eta errazean uztartu asmo ditu jolasa eta ikasketa.

Donostia
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Erantzun errazeko galderak dira, 800 guztira. Apropos bilatu du erraztasun hori Gotzon Barruetak, Zer gara gu, nor gara gu jolasean. Adibide bat jarri du zergatia azaltzeko: «Trivialaren gisako jolasetan Bernardo Atxaga nongoa den galdetuta, Asteasukoa den edo Tolosakoa den jarriko dute erantzunetan. Umeei antzeko erantzunak direla iruditu dakieke. Nik beste modu batera planteatu ditut galderak: «Bernardo Atxaga non jaio zen, Asteasun edo Txinan?». Okerreko erantzuna astakeria da, barregarria kasu askotan. Umeek, batez ere, erantzun egokira jotzen dute zuzenean, eta horrela barneratzen dute erantzun zuzen hori».

Jolaserako ez ezik, ikasketarako bide egin nahi baitu Zer gara gu, nor gara gu jokoak. Jolastu eta ikasi. Uztargarri behar duten bi kontzeptu. Elkar argitaletxearen eskutik argitaratu dute, eta haurrentzat ez ezik, euskal kultura gertuko ez dutenentzat aproposa izan daiteke. «Euskaltegietan euskara ikasten ari direnentzat, adibidez. Askorentzat, ezezagunak dira euskal erreferentziak, eta modu errazean barneratzeko modua izan dezakete», dio Barruetak.

Zer gara gu, nor gara gu jolasera bi modutan jolas daiteke. Mahai jolasa da, batetik. Jolasteko taula Euskal Herriaren mapa batek osatzen du, eta fitxa eta dadoekin aurrera eta atzera ibiliko dira jokalariak. Baina karta sortak ere baditu, eta horrek etxetik edo leku itxietatik kanpo jolasteko aukera ematen die haurrei, Barruetaren hitzetan. «Hondartzara edo mendira eraman ditzakete kartak, poltsan sartuta. Ikastolara bidean autobusean ere jolas egin dezakete. Bilatu dudana euren artean euskaraz hitz egitea, euskaraz jolastea eta euskaraz ikastea da».

Galde-erantzunak hemezortzi gai eta alorretan banatuta daude. Mendiak, ibaiak, sukaldaritza, kirolariak, idazleak, herri politak, ohiturak, musika, margolariak, jaiak... aipatutako hemezortziak osatu arte. Galdera guztiak dira Barruetak asmatutakoak, eta Gorka eta Nerea 8 urteko seme-alabek lagundu diote egokienak aukeratzen. «Haientzat prestatu nuen jolasa, eta haiekin frogatu nuen. Galderak egin eta iruditzen zitzaiena esaten zidaten; galdera bat zaila iruditu ote zitzaien, argazki bat itsusia zen, zerekin aspertu ziren».

Lau karta sorta ere badakartza, eta karta pilo bakoitzak 54 karta ditu -bost familiatan banatutako 50 karta, bi joker eta bi sorgin-. Karta bakoitzak argazki bat eta lau galde-erantzun ditu, 800 galdera eta beste hainbeste erantzun, beraz.

Hamar hilabeteko prestaketa

«Seme-alabei erreparatu eta Llorente, Messi eta Kun Aguero dituzte etengabeko hizpide, baina akaso ez dakite Txindoki mendia ote den edo Nerbioi ibaia ote den». Kezka horrek eraginda hasi zen euskal kulturari buruzko jolasen bila dendatik dendara. «Euskarazko mahai jolasak badira, baina itzulpenak dira, eta mundu osoko kulturaz hitz egiten dute. Jolas horiek guztiak ongi daude, baina ez zen nik nahi nuena. Hutsune hori betetzera dator Zer gara gu, nor gara gu».

Euskaraz pentsatu eta egindako jolasa Elkar dendetan jarri dute salgai dagoeneko, eta Internet bidez ere eros daiteke, 29,90 euroan (www.elkar.com).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.