Jon Goitia, irudien bila

Espedizioaren gorabeherak jaso ditu Jon Goitia argazkilariak; lehen aldia izan du halako bidaia batean

Jon Goitia argazkilaria, irudi bat hartzeko prest. JON GOITIA / BESTEAK.
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Jon Goitia izan da Next Stop Greenland espedizioko irudiak jasotzeaz arduratu den argazkilarietako bat. Lehen pertsonan bizi izan zituen espedizioaren gorabehera guztiak irudi polit eta zirraragarriak lortuz, Groenlandiako paisaia ederrak lagun zituela.

Uztailean hasi zen abentura Goitiarentzat, Gariza produkzioetako Lara Izagirrek Next Stop Greenland espediziora joatea gonbitea luzatu zionean. «Esperientzia benetan harrigarria izan da bere osotasunean. Groenlandiara bidaiatzea, Tarsemuit fiordora eta Ulamertosuaqen azpiko kanpo basean egotea ederra izan da. Next Stop Greenland bezalako espedizio batean parte hartu izanagatik pribilegiodun sentitzen naiz», adierazi du donostiarrak.

Eskaintza onartu eta berehala ekin zion prestaketa lanei. «Ez dira argazkilariaren baldintzak hain garrantzizkoak, norberak dituen gogo eta ezaugarriak baizik. Noski, kamera on bat, optika egoki batzuk eta horiei ahalik eta probetxu gehien ateratzeko oinarrizko ezagupenak menperatzea nahitaezkoa da», dio Goitiak. Noski, jasan behar izan zituzten lanordu luze eta baldintza klimatologiko eta geografiko gogorrei aurre egiteko, egoera fisiko on bat izatea oso garrantzitsua izan zen.

Abuzturen 17an abiatu zen espedizioko taldea, Goitia barne, Islandiako lurretara, handik azken helburura iristeko, Groenlandiako Ulamertosuaq paretara. 18 egunez egon ziren espedizioko taldeko bederatzi lagunak elkarbizitzan, kanpora begirako komunikaziorik gabe. «Ez nintzake espedizio guztian zehar momentu bat aukeratzeko gai izango, asko izan baitziren gozamenerako uneak; baina, bai iruditzen zaidala espedizioari xarma gehien eman dion baldintza kanpokoekiko komunikaziorik ez izatea izan dela. Kanpoko eraginik gabe taldeko giroa askoz ere gertukoagoa izan da, pertsonalagoa», esan du Goitiak.

Abenturan zehar hainbat arazoei aurre egin behar izan zien argazkilariak. «Egunak aurrera joan ahala, arazo teknikoak sortzen joan zitzaizkigun, aurreikusita genituenak, baina momentuan momentuan konpontzen joan behar izan genituenak», adierazi du donostiarrak. Energia sortzaileak funtzionatzeari utzi eta bateriak eta ordenagailua kargatu ezin eta memoria txarteleko datuak pasa ezin izanak asko beldurtu zuela esan du Goitiak; baina, arazo horri ere aurre egitea lortu zuten.

Abentura borobiltzeko, azken egunean, 130km/h haize boladak aurreikusi zituzten eta lasterka alde egin behar izan zuten. Itsasontzi neumatikoetan irten ziren, itsaso zakar artean, Nanulartoqera iritsi eta helikoptero batek jaso zituen arte.

Espedizio osoan hartutako irudiekin, emozioa, arriskua eta laguntasuna islatu nahi izan ditu Goitiak. «Lehenik eta behin, informazioa prozesatu beharra daukat, ez dela gutxi. Ondoren, sailkapen on bat egin eta ahalik eta azkarren aurkeztea gustatuko litzaidake», dio Goitiak. Argazki bildumaz gain, film bat ere sortuko du Gariza produkziokoekin batera. Azken hori Bilboko Film jaialdian aurkezteko asmoa dute. Bitartean, trailerra dago ikusgai www.nextstopgreenland.info atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.