Jose Angel Iturberen bizkaitar saltsari buruzko lanak irabazi du XVII. Euskal Elikaduraren Ikerkuntzarako Felix Mokoroa saria. EHUko Donostiako campuseko errektoreordetzan jaso du Iturbek saria. Leioako (Bizkaia) Ostalaritza Eskolako ikasketa burua izan da Jose Angel Iturbe 27 urtez. Egun erretiroa hartuta dago.
Besteak beste, Cristina Uriarte campuseko errektoreordeak, Luis Mokoroa Gastronomiaren Euskal Anaiarteko presidenteak eta Martin Berasategi sukaldariak hartu zuten parte atzo egindako ekitaldian.
Saltsa bizkaitarraren ibilbide historikoa ikertu du Iturberen Bizkaitar saltsa liburuak. Sukaldaritza bizkaitarraren «benetako enbaxadore» gisa definitu du sarituak saltsa. «Misteriozko kutsu bat zegoen saltsaren inguruan, eta ondorengo belaunaldientzako testigantza utzi nahi izan dut», adierazi du Iturbe sarituak.
Sarituaren lana goraipatu eta ikertutako saltsaren garrantzia azpimarratu zuen ekitaldian Martin Berasategi sukaldariak: «Gure sukaldaritzaren oinarrizko zutabeetako bat da bizkaitar saltsa, beste sukaldaritza tradizionaletatik desberdintzen duena».
Jose Angel Iturberen 'Bizkaitar saltsa' saritu dute
Felix Mokoroa saria jaso du Jose Angel Iturbek; bizkaitar saltsaren ibilbide historikoa ikertu du sarituak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu