Komunikazioa

Jose Maria Calleja kazetaria hil da, koronabirusak jota

Zazpi urtez aritu zen lanean Euskal Telebistan, besteak beste ETB2ko albistegiak aurkezten.

Jose Maria Calleja kazetaria. FERNANDO ALVALADO / EFE
2020ko apirilaren 21a
15:32
Entzun

Jose Maria Calleja (Leon, Espainia, 1955) kazetaria hil da gaur, Madrilen, COVID-19 gaitzaren eraginez.

Valladoliden (Espainia) hazi zen, eta 1980aren hasieran heldu zen Euskal Herrira, Efe agentzian lan egitera. ETBn, lehendabizi, astean behingo magazin informatibo bat egin zuen, baina ETB2ko Teleberri albistegiaren aurkezle gisa egin zen ezagun, ETAren, ezker abertzalearen eta herri mugimenduen kontrako jarrera gogorrarengatik. Ajuria Eneko Ituna indarrean zegoen urteetan hartu zuen jarrera hori. Callejaren jarrera informatiboak sortutako egoera baretu nahian, ETBk eten egin zuen lan harremana harekin, euskaraz ez zekiela argudiatuta.

Jazarpen indarkeria pairatu zuen. Besteak beste, etxeko atarian margoketak egin zizkioten, jomuga bat tartean. Bizkartzainak jarri zizkioten 1995 urtean, ETAk Gregorio Ordoñez PPko zinegotzia Donostian hil ondoren. Ermuko Foroko kidea izan zen, eta ETAren indarkeriari buruzko liburuak idatzi zituen.

Ondoren, Madrilera joan zen. 1999. urtetik aurrera, El debate de CNN+ saioa zuzendu eta aurkeztu zuen, eta Madrilgo zenbait irrati eta telebistatan aritu zen iritzi emaile, Onda Cero eta Ser katean, besteak beste.

Euskaldunon Egunkaria ixteko operazioaren harira Martxelo Otamendik salatu zuenean Guardia Zibilaren egoitzan torturatu egin zutela, kazetaren zuzendaria "etakidea" zela eta "etakideen eskuliburuari" jarraitu ziola esan zuen Onda Ceroko solasaldi batean, 2003ko martxoaren 11n. 

Martxoaren 29an eraman zuten Calleja erietxera, eta bi astez egon da han, hil edo bizi, gaur zendu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.