Jostetan hasi eta gustuz segitzen

Asteburuko Xalbadorren Egunaren karietara, beren ahots bereziak 'a cappella' partekatzekoa emanen dute Karine eta Aline Etxeberrik, Urepeleko Xendarineko ahizpek. Aukera bat Xalbadorrez eta Urepelez mintzatzeko.

Nora Arbelbide Lete.
Urepele
2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Bi ahizpa. Bi ahots, elkar eite dutenak frango eta aldi berean osagarri, Aline (17 urte) eta Karine (20 urte) Etxeberri. Xendarineko Ahizpak daukate plazako izena. Urepeleko etxearen izena dute Xendarinea. Hor bizi dira, nahiz eta zaharrena Bordelen ikasle izan, eta asteak han pasatu. Gazteenak Donibane Garaziko lizeora egiten ditu egunero joan-jinak. Baina biek segitzen dute lotuak etxeari eta herriari.

Asteburu honetan beren herrian ariko dira, Xalbadorren Egunaren karietara. Gaur eta bihar. Funtsean, Xalbador familiakoa ere badute, Leonie emaztea, ahizpentzat «ttantta Leonie» baita, «gure amatxiren ahizpa zen», Xendarinean sortua ere. Horri ere lotua daiteke, nonbait, asteburuan kantatzeko egina izan zaien gomita, Karine ahizpa zaharrenak erdi irriz gehitu duenez: «Pentsatzen dut horri lotua dela bai, aldi guztiz erraten baitute».

Xalbador, mito bat da batzuentzat. Eta familiakoa izatea, ohore. Baina, aldi berean, gazteen artean bereziki, ezezagun ere bada. Hori damutzen dute, hain justu, egunak antolatzen dituen Deiadar elkartekoek. Bi ahizpek sentitzen dutena ere: «Amak erranik, bizi zeno ere Urepelen ez hainbertze kontsideratua, ez behar zuen bezala, hasteko. Uste dut horrek iraun duen. Gero, dependitzen du zein etxetan. Guk ttipi-ttipitik bagenekizkien gogoz Haur batek bere amari edo horrelako bertsoak». Beste batzuk, ordea, «ez interesatzen», Aline gazteenaren ustez: «Gure adineko batzuei ez zaie inporta. Ez dakite ere zer den bertsolaritza». Karinek badu anekdota bat horren adierazle: «Urepeleko bestetan, badituzte elastikoak Xalbadorren potretarekin. Azpian, Urepeleri egin azken bertsua bada. Hura denek soinean daukate, eta tira ahala frantsesez ari dira; alta, hor dute beti Xalbadorren irudia».

Oro har denek badakite euskara Urepelen; gutxienez, ulertzen dute: «Baina ahalketzen dira mintzatzean», Alinen ustez. «Aita-amek pasatu diete ahalkea. Euskaraz aritzea anitzek ikusten dute oraino politika bezala, eta, orduan, ez dute aditu ere nahi. Gu euskaraz aditzen gaituztenek, berriz, Enbata eta horrelakoekin izendatzen gaituzte; urepeldarrengandik min egiten du», penatzen da Karine, baina ez da ere desesperatzerik: «Baina badira bertze ere euskaraz ari direnak!», irriz gehitu dute biek. Biek hori bai, euskara menperatzen dute errotik, eta maite ere. Mintzatzea bezala, kantatzea. Ttipitatik ari dira. Garaian, etxean aritzen ziren.

Musikaz ere ikasi zuten, batek trikitia eta besteak zehar flauta. Gaur egun, kantua ikasi, elkarrekin eman, grabatu eta gaizki bada, berriz hasi. Hortaz, ahizpak izatea lagungarri daukate, elkar kritikatzeko errazago baita.

Plazetako kantari, Kantu Txapelketarekin hasi zuten. Amak zuen bi alaben izena eman 1999an. Manex Pagolaren Astiria mendian kantatu zuten. Bigarren saria irabazi zuten Baxenabarrekoan. 2003an, bakarrik aritu zen Aline gazteena, eta orduan, Euskal Herrikoa irabazi zuen.

Beti a cappella ari, eta, kantari bezala nolazpait deskribatzeko, kristalezko ahotsak dituzte. Kantuen aldetik, Imanolen Ilun ikarak, Mikel Laboaren Ihesa zilegi balitz, Xabier Leteren Seaska kanta, eta, nolaz ez, Xalbadorren heriotzean dituzte kantatzen, besteak beste. Badituzte ere Xalbadorren bertsoak. Irrati, disko eta Interneten entzunak, «politak iruditzen zaizkigulako» hautatuak dituzte, dioenez sinpleki Alinek.



Aurtengo egunak Xanpun bertsolaria omentzeko baliatuko dituzte

Xalbador zaleak Urepeleko ezker paretean dauka hitzordua. Aurten Urruñako Xanpun bertsolaria gogoratzea erabaki du Deiadar elkarteak. Gaur 19:00etan Ilunabar literarioa ekimena dago, Bergarako Idazle Eskolako lagunen eskutik. Ondotik, afaria, Xendarineko ahizpek alaitua. Bihar, usaian bezala, Xalbadorren etxolara doan ibilaldia izango da. 10:30etan meza, eta, 12:30ean Herri kirolen tenorea. Donazaharreko (Baxenabarre) eta Mutrikuko (Gipuzkoa) artean Osintxuko (Bergara) Musirakaren ikusgarriarekin bururatuko d. Bazkarian Xendarineko ahizpek kantatuko dute, eta ondoren, 15:30ean bertso saioa: Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe II, Xebastian Lizaso eta Uxue Alberdirekin. Gai emailea, Joxemari Iriondo. 17:30ean erromeria. Jateko izenak emateko, baita bertan lo egiteko: 0 (033) 6 24 33 29 95.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.