Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea pozik da donostiarrak eta danborradak izan direlako San Sebastian eguneko protagonista bakarrak. Festaren balorazio ona egin du. «Ez da istilurik egon; festak hiria hartu du». Ongi baino hobeto joan da festa, alkatearenustez; hala ere, aitzakiak jartzen hasita, haurren danborrada aipatu du, hura atzeratu izan beharra eguraldi makurrarengatik. «Dena den, igandean desfilatzen aritu ziren 5.000 haurren danborrada arrakastatsua gertatu zen».
Oposizioaren kritikak
Udaleko oposizioko alderdi hainbatek aurreko egunetan aipatutako kartelen auzia eta solairu baten erabileraren auzia ere hartu ditu ahotan. «Festaren erabilera politikoa egiten dute, bitixikeria dena ika-mika bilakatu dutelako». Izagirrek dioenez, alderdi horiek «gezurra esan dute», Udal Liburutegiko eraikinaren lehen solairuaren erabilera dela eta. PSE, PP eta EAJko ordezkari batzuek esan dute solairu hori Bilduko kideentzat gorde zutela danborradaren hasiera ekitaldian, banderaren igoeran. Han sartzea «libre» izan zela argitu du alkateak.
Bestalde, aurtengo San Sebastian eguneko ospakizunetan emakumeek protagonismo handiagoa hartu dute, Nerea Txapartegi Kultura zinegotziaren ustez. Gaztelubide eta Union Artesana elkarteak zoriondu ditu zinegotziak, biek ala biek urketari nagusien figura gehitu dietelako euren danborradei.
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak ere hizpide izan ditu festak; haren ustez, «oso giro ederra» egon da, bai Donostian eta bai Azpeitian ere. «Euriak ez zuen lortu festa hondatzea, eta orain horretan saiatzen ari dira batzuk ika-mika hutsalekin».
Juan Karlos Izagirre: «Festak hiria hartu du»
Haurren daborrada atzeratu egin behar izan zen, baina alkateak dio «arrakastatsua» izan zela igandeko desfilea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu