MARATILA

Julian eta biok

Xabier Etxaniz Rojo.
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Duela urte batzuk ezagutu nuen Julian Assange, egunotan bolo-bolo dabilen Wikileaks atariaren zuzendaria. Montmartre-ko terraza batean izan zen, eta, egia esan, gure topaketa kasualitate hutsa izan zen. Lanak eraman zuen Julian maitasunaren hiriburura noiz eta, hain justu, ni han oporretan nengoenean. Gure lagun komunek eta hiruzpalau mezu elektronikok jarri zuten hitzordua.

Julian eta biok adinkideak-71ko uzta bikaina izan zen--eta friki samarrak izanik berehala hasi ginen ondo moldatzen. Eta ez da harritzekoa, Julianek eta biok zaletasun komun ugari baitugu. Bera kazetaria eta ni idazlea; bera hacker izandakoa eta ni ere bai -esan nahi baitut maisua naizela ordenagailuak izorratzen-; bera egiaren zalea eta ni -ondo dakizuenez- ere bai. Bai, Julian eta bion artekoak ondo funtzionatu zuen hasieratik, eta agian horrexegatik egin zidan jaramon.

Bai, halaxe da. BERRIAko ikerketa sailaz eta Maratila honetan argitaratzen ditudan elkarrizketa hiper-mega-sekretuez hitz egin nionean kopeta argitu zitzaion. Gizajoa sor eta lor zegoen.

- Eta argitaratzen dizkizute?

Antza, berak ere elkarrizketa sekretu mordoa zeukan gordeta, baina, beldurraren beldurrez, inork ez zion ezer argitaratu nahi. Ea gurean argitaratuko ote genizkion galderari ezetz erantzun behar izan nion: egunkaria behin itxi digute, eta ez nuen denon lana arriskuan jarri nahi.

-Eta Interneten? -proposatu nion.

Pentsatuko zuela erantzun zidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.