Elikadura. Eko-tik

Kafe ekologikoa eta permakultura Nepalen, Woof esperientzia bat

Ander Amundarain Aloña Gonzalez
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Himalaya mendikateen magalean, Kalikasthan-go Kalika herrian bizi dira Bed Nath Poudel eta haren familia. Baserritik bizi dira. Haien buztinezko baserria paraje zoragarri batean dago. Baldintza orografikoek (1.300 metroko garaieran bizi dira) eta klima tropikalak bertan kafea ondo ekoizteko aukera ematen dute.

Gurasoen baserriaren erreleboa hartu zuen Bed Nathek. Baserriak dituen terrazetan kafe zuhaixkak jartzen hasi zen, errendimendu bila. Lehen, etxerako zerealak, olioa egiteko mostaza, patata, barazkiak, eta abar jartzen zituen aitak, autokontsumorako gehienbat. Orain ere haiek guztiak ekoizten jarraitzen dute, baina etxeko ekonomiaren oinarria kafea da, baita laranjak, oilaskoak, eztia eta jengibrea ere.

Baserrian permakultura sistema jarraitzen dute: naturaren behaketan oinarrituta eta haren erritmoak errespetatuz, naturak berak egin dezan ia lan guztia.

Kafea

Kafe zuhaixka, basoko zuhaixka da, itzala eta hezetasuna behar du hazteko. Baserrian, 500 bat zuhaixka dauzkate terrazetan banaturik. Modu ekologikoan ongarritzen dituzte. Etxeko animalien ximaurra konpostatzen dute, baita etxeko hondakin organiko guztiak ere. Udaberri hasieran, konpostatutako guztia kafe zuhaixken terrazetan zabaltzen dute. Kimaketa lanak ez dira egiten, landaketa honek ez duelako askorik eskatzen eta itzala behar duelako. Etxeko erlauntzek polinizazioan laguntzen dute.

Azaro eta urtarril bitartekoa uzta jasotzeko garaia da. Bed Natheren familiak beste baserritarren kafe uzta jasotzen du, gero beraien uztarekin batera alea ateratzeko. Kafe zuhaixkaren fruituak bi hazi handi eta gogor dauzka barruan, mukosa batez inguraturik. Azala kentzeko makinak biradera batekin funtzionatzen du, eta azala hazitik bereizten du. Azalak konposta egiteko aprobetxatzen dira. Oraindik ere haziak mukosaz inguraturik geratzen dira, eta kentzeko, haziak ontzi batean uzten dituzte, kartoi fin batekin tapatuta, egun bat edo bi. Modu horretan, hartzidura prozesua hasten da, eta, ondorioz, mukosa desagertu. Azkenik, aleak lehortzen jartzen dira, metalezko sare baten gainean. Eguzkiak lehortzen dituenean, prest daude txigortuko dituen enpresara eramateko.

Haraneko kafegile ekologikoak elkarturik daude, eta aldian-aldian elkartzen dira formazioa jasotzeko, ekoizpen sistema hobetzeko eta elkarri laguntzeko.Nekazari txikiak kafe ekologikoa ekoiztera animatu nahi dituzte, ekoizpena handitzeko eta bertako ekonomia sustatzeko.

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.