Sanferminak Iruñean

Kale musikarien gotorlekua

Edozein estilotako musika aurki daiteke Iruñeko kaleetan sanferminetan: reggaea, euskal musika, jotak, rock-and-rolla...Kale musikariak «pozik» daude, Iruñean ez dagoelako legerik kalean jotzea arautzeko

La Ribera Canta jota taldeko kideak, Sarasate pasealekuan egindako emanaldian. Eserleku guztiak bete dituzte jotak aditzera bildutako zaleek. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Aleluya kanta abestu du Udaletxeko plazan jarritako bi kale musikarik, pareko izkinan gitarra jotzaile batek gitarra afinatu bitartean. Eta sanferminetako kaleko paisaiaren deskribapena dirudi. Mirari baten gisa azaltzen dira hilaren 6a heldu bezain pronto hamaika musikari Iruñeko kaleetan; musika kalearena da sanferminetan, eta kalea, musikarena. Jotatik, reggaera, eta reggaetik, dultzaina doinuetara. Festetan, estilo batetik bestera pasa daiteke kale bat gurutzatzearekin batera.

Nafarroako jotek hartu dute Sarasate pasealekua. Urteroko ohitura da, eta inoiz ez da publikorik falta. Hurbildutako entzule batek ozen esan du: «Bikainak dira jotak, festetako onena». Leporaino bete da pasealekua eguerdirako, La Ribera Canta taldeak bere orduan hasi du saioa. Itzalean tokia lortu dute goiz joan direnek, eta eguzkipean daude beste asko. Dena den, hortxe geratu dira, A mí me gusta el vino kantatzen. Gitarra eta eskusoinu doinuek lagunduta jarraitu du emanaldiak, eta goia jo du sanferminetako abesti batekin: Uno de enero, dos de febrero… Jendea zutik jarri da, txaloka. «Sanferminak direla antzeman dadila!», esan du jota abeslarietako batek orduan. «Gora San Fermin!», oihu eginda erantzun diote jotazaleek, txalo zaparrada batekin batera.

Hamar metro baino ez dira behar musika estiloz aldatzeko. Dultzaina eta danborrak aditzen dira San Gregorio elizako txokotik. Ekaitz Santazila dultzaineroak dio atsegin zaielako jotzen dutela kalean. «Gero eta zailagoa da kalean jotzea, zarata handia egoten baita». Hala ere, San Lorentzoko Gaiteroak taldearekin urteak daramatza, zuzeneko musika eskaintzea «gozagarria» zaiolako. Jon Oroz danbor jotzaileak azaldu duenez, udalak ordaintzen die kalean jotzeagatik, baina kontratuan hitzartutakoa baino «askoz gehiago» jotzen dute. Nahi dutelako.

Musikarien artean, alde nabarmenak daude: batzuk, udalak kontratatzen ditu; beste batzuek, herri egitarauan parte hartzen dute; eta asko, beren burua ezagutarazteko joaten dira sanferminetara. Badira beti Iruñean daudenak ere, eta propio jaietarako joaten direnak.

San Frantzisko plazara bidean, gitarra akustiko baten akordeak aditzen dira: Estephan de Prost musikariaren kantuak dira. De Prost Alde Zaharreko kale musikaria da ofizioz, eta Iruñea da bere musika ezagutarazteko aukeratutako hiria. Iruñeko Udalak ez du legerik kalean jotzea arautzen duenik, eta hori musikarien mesederako dela nabarmendu du. Hark urte osoan jotzen du, eta festetan lan egitea «itogarria» egiten zaio. Haren iritziz, jende gehiegi dago, baina krisiaren ondorioz ez da diru askorik irabazten. Nahiago du egunerokoa.

Txanponaren beste aldea dira soilik festa garaian heldutakoak. 12:30ean hasi da Estafeta kaleko kontzertua: Zulu 9.30 taldea da, sanferminetarako etorri den musika talde bat. Lehen, jaialdietan eta aretoetan jotzen zuten, baina leku publikoa bereganatzea erabaki dute. Estilo mestizoa lantzen dute, reggae ukituekin. «Kalean jotzea jendearengana heltzeko era bat da», esan du Oskar Muñoz Bartzelonako abeslariak, eta gaineratu du: «Denda batean ez genituzke inoiz 60 CD salduko egun bakarrean, eta hemen, bai». Orduan, publikoaren artetik hurbildutako zale batek argazki bat eskatu die taldekideei, eta zoriondu egin ditu. Ikuskizunari perkusioarekin ekin diote. Hasi eta berehala, dantzan hasi den jende multzo bat hurbildu zaie. Erraza da sanferminetan halako eszenak ikustea. Musikaren bat-batekotasuna jendearen espontaneotasunarekin batzen da.

Alde Zaharretik atera gabe, txaranga bat pasa da, perkusio eta haize instrumentuekin. Haiekin batera, peña zale mordo bat, dantzan. Dantzara animatu den baten hitzetan, musika da sanfermin jaietako onena. «Iruñeko kaleetan denetarik dago, denentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.