Kalea artistena da, lau egunez

Kale ikuskizun ugari ikusi ahalko dira datozen egunetan Bilbon: musika, dantza, zirkua eta pailazoak

Gose hirukotearen musika trikitronikoa entzungo da gaur, 21:30etik aurrera, Plaza Barrian. GOSE.
Erredakzioa
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Bilboko Aste Santuaren klasiko bat da Kaleszena jaialdia. Gaurtik igandera, 11 talde edo bakarlari arituko dira Zazpikaleetako eta zentroko karrikak kolorez betetzen.

Hortzmuga taldeak zabalduko du jaialdia, gaur, 11:30ean, San Antonen. Los Anfitriones bisita gidatuan, Bilbo eta bilbotarren historia antzeztuko dute.

Arratsaldeko saioa Plaza Barrian egingo dute, 18:00etatik aurrera. Ganso & Ciak egingo du aurkezpen lana. Gilles Remy akrobata izango da lehena: zinema mutuaren garaiko slapstick umorea lantzen du.

Le Musi'colle hirukoteak hartuko du txanda. Esku jokoak eta musika nahasten dituzte, umore askorekin.

Compagnie du Petit Monsieur Paul Duranden taldea da. Kanpadenda batekin borrokan arituko da, eta dendak irabaziko du.

Musika gauean nagusituko da, 21:30ean, Gose taldearen doinu trikitronikoekin.

Bihar, Circovito konpainia, Bris de Banane taldea eta Mr Jones clown-a arituko dira, leku eta ordu berean. Gauean, Oreka TXk, Kukai dantza konpainiak eta Amaren Alabak taldeak Hostoak plazaratuko dute. Larunbatean, kaleko musika nagusituko da A Magnifique Bande dos Homes sen Medo taldearekin.

KALESZENA

Noiz. Gaurtik igandera.

Non. Bilboko Zazpikaleetan eta zentroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.