Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak

Kalejiren gatza eta piperra

Eguerdiro zeharkatzen dute erraldoiek, buruhandiek, txotek eta zaldiek Gasteizko hirigunea, dultzaineroen musikaren doinupean. Izerdi patsetan bukatzen dute kartoizko panpinei bizia ematen dieten ausartek.

50 eta 70 kilo arteko pisua dute erraldoiek, eta bi pertsona behar dira Musika Etxeko biltegiko atetik ateratzeko. JON REJADO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
2011ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Dantzan eta jiraka erraldoiak; botxintxa eskuan, izua zabaltzen buruhandiak. Gasteizko jaietako kalejiretako gatza eta piperra dira, jaiaren isla, eta urtetan sustraitutako ohitura baten erakusgarria. Jendea erakartzeko gaitasuna dute dultzainaren doinupean egiten dituzten dantzen bidez. Dena den, kalejira behar bezala atera dadin antolaketa zorrotza eta izerdia daude mugimenduen atzean.

Kalejiraren hasiera ordu ofiziala baino 45 minutu lehenago irekitzen dira San Antonio kaleko 14. zenbakiaren ateak. Gasteizko jaietako kalejiren protagonistak han daude. Erraldoiak, kalejiran joango diren ordenean lerrokatuta, ateak noiz irekiko zain daude. Apaletan edo lurrean daude buruhandien mozorroak, baita zaldi eta txotenak ere.

Ateak ireki eta berehala heltzen hasi dira kartoizko panpinei bizia emango dieten konpartsako kideak; 34 dira guztira, bina erraldoi bakoitzeko, eta pertsona bana buruhandi, txota eta zaldietarako. Ohar batek argi uzten du puntualtasunaren garrantzia. Bost minutu berandu heltzen denak hiru euro ordaindu behar ditu, eta zortzi euro hamar minutu atzeratzen denak.

Erraldoiak dantzarazten dituzten bikoteak egunero hartzen dute erraldoi ezberdin baten ardura. «Erregeak dira dantzarazten errazenak, berrienak direlako», azaldu du konpartsako kideetako batek. 50 kilo inguruko pisua dute erregeek, baina 70 kilokoak dira beste erraldoi batzuk. Hori gutxi balitz, oreka ezberdina da erraldoi bakoitzarekin, eta bik aurrera makurtzeko joera dute, esku artean dituzten saskien pisuaren ondorioz.

Belaunaldi berriak

Kalejiraren ordua gerturatu ahala, geroz eta jende gehiago dago dultzainen lehen akordeen zain. Harriduraz begiratzen dituzte erraldoiak gehienek, baina Aramaioko baserritarraren erraldoiaren atzean dagoen erraldoi txiki batek ere erakartzen ditu. Azken hamar urteetan, kalejira ofizialarekin atera da: «Beti izan dut erraldoienganako grina, eta duela hamar urte inguru egin nuen hau seme nagusiarentzat», oroitu du Julio Garciak, erraldoiaren egileak. Grina horrek jarraipena izango duela argi dago, bigarren semeak nagusiaren lekukoa hartu baitu lagun batekin batera.

Eloy eta Iker gazteek erraldoi eta buruhandien konpartsako kideak direla esan daiteke, eta hala erakusten diete eguerdiro: kokapen finkoa dute erraldoien lerroan, bien artean konpartitzen dute Comilon de Vitoria (Gasteizko jatuna) izeneko erraldoia dantzarazteko ardura, eta jaiak ez direnean ere erraldoiak dantzarazten ikasten jarraitzen dute.

Erraldoia dantzarazten dituztenek dantza egiten ikasten dute konpartsan sartzean, baina sorbalda gainean 50 kilotik gora eta lau metro baino gehiagoko panpina izanda ez da horren erraza. Are gehiago: panpinen gonapean dagoen beroaz gain, ikus eremua txikia da, eta zenbaitetan ez da ezer ikusten. «Eguzkiak jotzen duenean eguzkirako betaurrekoak jartzea derrigorrezkoa da, bestela itsuan zabiltza».

Dultzaina doinuak entzutean hasi da ikuskizuna. Banan-banan, goizeko ibilaldiari ekin diote. Hasi aurretik, Josebak, konpartsaren arduradunak, azken oharrak egiten ditu, kide bakoitzaren mugimenduak gogoraraziz orri baten gainean, saskibaloi entrenatzaile baten moduan.

Izua eta erakargarritasuna

Erraldoiek dantza egiten duten bitartean, buruhandiek ez dute denbora galtzen. Zaldiek eta txotek aurpegi adeitsuena erakusten duten bitartean, lau buruhandiak harrapakin bila mugitzen dira. «Haur gehienak ihes egiten dute korrika, txikienek negar egiten dute, baina egur eske etortzen direnak ere badaude; gogorrago jotzeko ere eskatu didate noizbait!».

Zazpigarren urtea du Enekok buruhandi lana egiten, eta Ojobiriki barruan ez zaio eskarmentua falta. «Buruhandi gaiztoena dela diote, eta hori ere erantzukizuna da neurri batean». Dena den, gaur egungo botxintxek ez dute zerikusirik garai batekoekin. Txerri maskuriak izanbeharrean, goma-aparrezkoak dira gaur egunekoak, koloretsuak eta bigunak.

Erraldoiek baino pisu gutxiago eraman behar duten arren, zortzi kilo ingurukoa da buru bakoitza, eta izerdi patsetan bukatzen dute. Mozorro barruan beroa aise pilatzen da, eta egun batzuetan bereziki gogorra izaten dela diote. Batzuen zein besteen egarria asetzeko beti dago ur botilaren bat erraldoien saskietan gordeta. Nekeza da kalejiren gatza eta piperra izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.