Asteburuko proposamenak

Kaleko kulturak, agertokira

BilboBreak On Stage adierazpide ugariren bilgune izango da hamargarren urteurrenean

Jinjo Crew taldeak larunbateko break dance lehiaketan parte hartuko du. BREAK ON STAGE.
2011ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Bilboko Casilla kirol gunea kaleko kultur espresio ugariren topaleku izango da etzi, Break On Stage jaialdiaren barruan.

Urtetik urtera geroz eta garrantzi handiagoa hartuz joan da jaialdia, eta aurten hamar urte beteko ditu, eta inoiz baino ekitaldi erakargarriagoak bildu nahi izan dituzte antolatzaileek, eta, hala, Bilbo mundu osoko kaleko kulturaren erakusleiho bihurtu.

Iruñeko Breathless neska boskoteak Street Dance ikuskizuna eskainiko du. Mari Jose Bayon eta Eva Vallejo koreografo eta dantzari bilbotarrek euren azken lana emango dute, eta Elorriotik etorritako artista grafikoek eta bi musikarik osatzen duten VJ Logela Multimedia taldeak ikuskizun berezia prestatu du etziko. Oholtza gainean izango da munduko azken break dance lehiaketan garaile suertatutako Jinjo Crew seuldar zazpikotea, eta beren mugimendu akrobatikoak eta sinkronizazioa erakutsikodituzte .

Ahoarekin instrumentu eta efektu harrigarriak sortuko ditu Berlindik etorritako 4x Sampler Beatbox Crew taldeak. Artikulazioak blokeatuz dantzatzen den locking modalitatearen erakusketa egingo du Rae & Flockey bikoteak, eta Extremo & Vento taldearen ikuskizunaz gozatzeko aukera ere izango da. DJ Renegade musikaria arduratuko da gune askea hip hop doinuekin girotzen.

Break dance lehia

Dantza erakustaldien ondoren, urteroko ohitura bihurtu den break dance lehiaketa izango da. Aurtengo lehian hauek izango dira, besteak beste: Jinjo Crew taldea; Erromako De Klan dantzariak, zeinak Mario Brossen parodia egingo duten, La Smala Bordeleko boskotea, Rugged Solution talde herbeheretarra eta Bilboko bertako Crazy Hospital taldea.

Casillako ikuskizun bereziak biribiltzeko, Foreign Beggars musikariek rap, jazz eta grime estiloen erritmoekin girotuko dute Casilla.

Nazioarteko dantzarien abileziaz eta musika erritmo mugituez gozatu nahi izanez gero, kutxazain automatikoetan, Interneten edo ohiko tokietan erosi ahal izango dira jaialdirako sarrerak. Aurrez erosiz gero, 10 euro balioko dute, eta egunean bertan, berriz, 12 euroren trukean eskuratu ahalko dira.

BREAK ON STAGE

Zer. Kaleko kultur adierazpideen erakusketa

Non. Bilbon, Casilla kirol gunean

Noiz. Etzi, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.