Kalekumea naiz. Aita eta ama baserrikoak ditut, eta udarak eta opor egun asko aitaren baserrian pasatu izan nituen: belarra biltzen, gereziondoetara igotzen…
Baserriarekiko sentimendu erromantikoa daukat, zalantzarik gabe.
Sentimendu erromantiko horrek irauten du gaur egungo bizimodu azkarrarekin, askotan sintetikoarekin eta irrealarekin, eta baserria idealizatu egiten dut. Noski, erromantizismoak badu errealitatearekin zer ikusirik ez duen beste alderdi bat: ezjakintasuna, baserriaren bizimoduarekiko eta nekazaritzaren jarduerarekiko.
Ordutegirik gabe, urte osoko lana, naturaren zikloak eta gorabeherak, opor gutxi edo oporrik ez, Euskal Herriko klimaren baldintzak, baratze eta abereen beharrak, soldata duina lortzeko borroka, gizartearen errekonozimendu falta... Balantzaren beste aldean, bizi proiektua, lanarekin eta inguruarekin betea sentitzea, tradizioa mantentzeko nahia, erromantizismoa… Azkenaldi honetan, baserritarren eta herritarren arteko aliantza modu berriak sortzen ari dira Euskal Herriko txoko askotan; horietako bat kontsumo taldeak dira —BasHerriak deitzen diegu Gipuzkoan: www.basherri.wordpress.com—. Zuzeneko harremanak eta harreman zuzenagoak sortzen dira baserritar eta herritarron artean. Talde horietan aukera paregabea dugu baserri mundura hurbiltzeko, naturaren zikloen ezagutza berreskuratzeko, baserriko lana gertuagotik bizitzeko.
Esperientzi horrek, besteak beste, kalekumeon ezjakintasuna argitzeko balio digu, Euskal Herriko nekazaritzaren errealitatea ezagutuz.
Bestalde, kontsumo taldeetako funtsezko erabakiak dira zer jan eta nola ekoitzitako elikagaiak nahi ditugun; elikagaien burujabetza taldeen filosofiaren oinarria baita. Horrela, taldeetako ohiko eztabaidak dira kobrea bota behar diegun tomateei edota negutegiak erabiltzea ekologikoa den. Ezagutzatik hitz egiteko zer hobe errealitatera hurbiltzea baino.
Beraz, baserriko errealitatera hurbiltzeak «buru» gehiago ematen digu, neurri batean behintzat, zer jango dugun eta nola ekoitzitako elikagaiak jango ditugun erabakitzeko. Zentzu horretan, BasHerri taldeak baserri eskolak bihurtzen dira guztiontzat, batez ere kalekumeontzat.
Lurra eta animaliak errespetuz tratatzea, lurrari loturiko nekazaritza, gertuko produktuak eta modu ekologikoan ekoitzitako elikagaiak nahi ditugu; eta hori nola gauzatu eta erabakiak hartzeko hezkuntza minimoa izatea beharrezkoa dugu.
Erromantizismoz betea dago ere zer jan eta nola ekoitzia nahi dugun erabakitzea!
@Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47.[email protected]
ENEEK-Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua. Tel.: 902-54 01 65.[email protected]
Biolur. Mirene Begiristain
Kalekumeok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu