Sagar munduan aditua da Ignacio Javier Larrañaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Pomologikoko teknikaria. Hemengo sagarren erabileraren inguruko hitzaldia eman du, Sagardo Astearen harira. Kanpokoa edo hemengo sagarraren artean, hemengoa du gogokoen.
Pomologiaren aldetik leku aberatsa al da Euskal Herria?
Baserriak hektarea gutxikoak dira, nahiko aldapatsuak; eta sagastiak txikiak dira. 1991n errolda bat egin zen, eta bataz beste 3.000 metro karratukoak ziren. Hemengo klimak, hezetasunak, bere eragina egiten du, baina ondo etortzen da sagarra. Sagardorako erabiltzen da normalean. Jateko sagarra azkar bildu behar da, baita kontsumitu; bestela irindu egiten da. Beste tokitan, esaterako Katalunian, dena ordeka da, eta eguraldia lehorra. Gaur egun, horrelako tokitan beste frutikultura maila daukate, beste profesionaltasuna. Hemengoa oso familiarra da, etxekoa.
Sagar asko inportatzen da?
Hemengoa oraingoz ez da nahikoa, azken urteetan %30-40 izan da. Sagardo asko egiten da, eta kanpotik ekarri behar da sagarra. Sagardo batzuk bertako labelarekin daude, ea jendea gehiago animatzen den.
Sagardotegi batzuk hemengo sagarrarekin egindako produkzioa sustatu nahian elkartu dira.
Logikoa da gure sagardoa bertako sagarrarekin egitea. Kanpotik ekartzeko aitzakiatzat hemen sagarrik ez dagoela erabiltzen da;baina, hemen egonda, kanpotik ekartzen jarraitzeak ez du logikarik. Noski, edozein sagarrek ez du balio, kalitatezko sagardoa egiten badugu, sagarrak kalitatezkoa izan behar du. Horrek lan handia eskatzen du.
Beste elkarte batzuk kanpoko sagarrak ekartzen jarraitzen dute. Kalitate hobearen bila?
Printzipioz Gorenak marka kolektiboa da. Sagastiak homologatuak dira, kalitatea badago, baina ez da kalitatezko marka bat. Horretarako erakunde batek egiaztatu behar du, ISO normak dauden bezala.
Elkarteen kalitate borrokek eraginik izango du kontsumitzailearengan?
Sagarraren hautaketa badago, kalitatea badauka, sagardoan nabaritu beharko da. Uste izatekoa da edozein sagarrek ez duela balio horrelako marka bat ateratzeko; aukeraketa bat egingo dela.
Uztaila oso euritsua izan da. Asko eragin du horrek aurtengo uztan?
Normalean udaran eguzkia egin behar du, sagarrek azukrea hartzeko. Iraila, batez ere azkeneko egunak, oso ona izan da; lau edo bost egun eguzkitsu izan ditugu. Hori biltzeko garaian oso garrantzitsua da. Bildu aurretik euria egiten badu, kontzentrazioa ahuldu egiten da, eta tanino gutxiago ditu sagarrak. Uzta ez da oso handia izan, erdikoa. Goierrin arazo batzuk eduki zituzten, Beterrin, berriz, uzta gehiago izan dute.
Produktu kimikoen erabilera ezinbestekoa da?
Erabilera asko murriztu da. Europan gero eta produktu leunagoak erabiltzen dira. Nik, pertsonalki,ahal den produktu gutxien botatzea gogoko dut; baina, minimo bat bota behar da. Esaterako sagarraren arra kentzeko.
Sagastiekiko interesik badago?
Gero eta gehiago. Bertako produktuen alde oraindik handiagoa ikustea gustatuko litzaidake. Baina kalitatea ordaindu egin behar da; esfortzua ez bada ordaintzen sagastiak galdu egingo dira. Hor dago etorkizuna: bertako motak baloratzea, bereziki kalitatea ematen dutenak. Ez da berdina azidoa eta taninoak dituen sagar mota bat, edo beste edozein sagar ia elementurik gabekoa.
Nola sustatu daiteke interesa?
Jendeak ekonomiari begiratzen dio. Zuk ikusten baduzu zure esfortzua norbaitek ordaintzen duela, jarraitu egiten duzu. Baina azken finean zuk kalitatea lortzen baduzu, trukean ezer jaso gabe... Labelekoekin argi dago bertako produktua erabili behar dutela. Horrek ekoizpenean eragin dezake. Labeldun sagardo gehiagorekin, sagarra nonbaitetik ekarri beharko da bertan ekoizteko. Baserritarrek ikusten badute balio duela, sagastiak jarriko dituzte.
Hori sustatzeko balio dezakete Euskal Herrian dauden dolareek. Zein egoeratan daude?
Batzuk badaude, baina zutabeak bakarrik daude. Bi zutabe oso elkar daudenean, lehen dolare bat zegoela adierazten du. Aranzadi, Josu Tellabide batez ere, ibili da horrelako baserriak aztertzen, eta badaude Gipuzkoan bai Nafarroan horrelako dolareak, baina ez Igartubeiti dagoen egoeran.
Igartubeiti zaharberritu zuen Aldundiak orain hamar urte. Garrantzitsua da halako ekimenak bultzatzea?
Aldundiak Igartubeiti erosi zuen, eta guztiz desmuntatu, berritzeko. Gaur egun nolakoa zen ikus dezakegu, eta dolareak nola aldatu diren: ze tresna erabiltzen ziren, ze lan egiten zen… Baserri batzutan badaude zutabeak, baina ez Igartubeitikoak bezalakoak. Urtero dolarea martxan ikustea berezia da, garai hartan lana nola egiten zen ikusi dezakegu.
Hainbat ekimen antolatzen dituzte.
Bai. Urtero sagardoari buruzko astea antolatzen dute Igartubeitin, XVI. mendeko dolare bat martxan jartzeko. Oso interesgarria izaten da. Guk [Aldundiak] inaugurazioaren egunean sagardo lehiaketaren diploma banaketa egiten dugu.
Ignacio Javier Larrañaga. Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Pomologikoko teknikaria
«Kalitatezko sagardoa egiteko, kalitatezko sagarra behar dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu