Atzo hasi zen Enkarterriko Galdamesen udazkenetan egiten duten folk jaialdia, eta gaur izango du egun nagusia. Kontzertuez gain, haurrei musika tresnak egiten irakasteko tailerra egingo dute goizean, baita helduak txalapartan aritzen trebatzekoa ere.
Kamerungo Mambala taldeak zabalduko du kontzertu saioa. Justin Tchatchouak sorturiko taldea da; musikari familia batean jaio zen, eta Kamerungo musikari handiekin ikasi zuen. Love me the way I do singlearekin ia milioi bat kopia saldu zuen Nige- rian, 1983. urtean. Geroztik, bidea urratu du Europan, eta bere estilo propioa garatu. Bob Marleyren alargun Rita Marleyrekin, Papa Wembarekin, Bob Marleyren The Waylers taldearekin, Tito Duarterekin aritu da, besteak beste.
Ipar haizearen erronka
Le Vent du Nord Quebeceko taldearen emanaldia etorriko da gero. Tradizioa gaurkotzen saiatzen ari da laukotea. Nicolas Boulerice piano eta zarrabete-jotzaileak eta Olivier Demerse biolinistak sortu zuten taldea. Azken boladan bat egin dute Rejean Brunete soinu jotzaileak eta Simon Beaudry abeslari eta gitarristak. Indar handiko musika egiten dute, Quebecetik datozen taldeek ohi duten bezala.
GALDAMES FOLK
Noiz. Gaur, 11:30ean tailerrak, eta 22:00etan kontzertua.
Non. San Pedro plaza, Galdames, Bizkaia.
Kamerun eta Quebec, Bizkaian
Galdames Folk jaialdiak azken eguna du gaur; Mambala eta Le Vent du Nord taldeen doinuak entzungo dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu