TXAPELA BURUAN. Irati Otamendi. Kanadan bizi den ordiziarra

«Kanadartzat naukate hitz egiten hasten naizen arte»

Etxetik ari da lanean Otamendi, baina Torontoko etxetik. Hiriak eskaintzen duen anonimotasuna maite du, eta han diren etorkinen ikusgarritasuna nabarmendu du. Oraingoz, Kanadan geratuko da.

BERRIA.
Iker Tubia.
2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Irati Otamendi (Ordizia, Gipuzkoa, 1994) ingeniaria da, eta 2018ko abendutik Toronton bizi da (Kanada). Motxila hartu eta Argentinan bost hilabetez ibili ondoren erabaki zuen Torontora joatea, giza baliabideen ikasketak egitera. Orain praktika aldian dago, baina etxetik ari da, koronabirusa dela eta.

Zergatik joan zinen Torontora?

Argentinan bidaiatzen gauza asko aurkitu nituen, eta han konturatu nintzen betidanik izan nuela Kanadara joateko gogoa. Orain praktikak egiten ari naiz, JCM Power enpresan. Oso interesgarria da.

Praktikak egiteko arazorik baduzu koronabirusarekin?

Nahiko buruhauste: unibertsitateak erabaki zuen praktika guztiak bertan behera uztea. Nire immigrazio estatusa dela eta, ez banago ikasketak egiten, ezin dut jardunaldi osoan lan egin. Diru sarrerak erdira murriztea litzateke hori. Azkenean, salbuespenak egin dituzte.

Mugak itxita, zer sentitu duzu?

Kanadan bizitzeko baimenik ez duten guztiei itxi diete muga. Euskal Herrira joatea erabakiko banu, ezingo nintzateke berriro itzuli.

Hartu diozu neurria Torontori?

Hiri hain handia izanda, erreparoa nuen, baina telefonoko aplikazio asko daude ez galtzeko. Gustatzen zait hiriak ematen duen anonimotasuna. Egunero jende mordoarekin gurutzatzen naiz, jakinda ez ditudala berriz ikusiko. Jendez inguratuta bizi arren, zure lekua duzu.

Migratzeko toki egokia da, ikusita hirian hainbeste etorkin dagoela?

Ez dakit. Baduzu aukera kultural oso-oso zabala: italiarra, judua... alde guztietako auzoak daude. Toki ona da zure herrialdeko jendea aurkitzeko, baina oso-oso garestia da. Hemen bizitzeko baimena lortzea zailagoa dela uste dut, jende gehiago dagoelako egoera berean.

Nola kudeatzen dute han kultura aniztasuna?

Denetarik dago, eta egoera bitxiak bizi izan ditut. Gehien harritu nauena da oso ikusgarria dela; oso garbi ikusten da leku askotako jende mordoa dagoela. Horrek ez du esan nahi diskriminaziorik ez dagoenik.

Zer kasu bitxi gertatu zaizu?

Kanadarra naizela uste dute hitz egiten hasten naizen arte, baina hemen jaio eta jatorriz atzerritarrak direnak ezberdin tratatzen dituzte. Oso garbi ikusten dira aurreiritziak.

Diotenez, Toronto munduko hiririk onena da bizitzeko.

Hemen ez da ezer berezirik ikusteko. Museoak-eta badauzkazu, baina ez da hiri zoragarri bat. Torontok daukan xarma da aukera gastronomikoa: gaur Japoniakoa jan dezakezu, eta bihar munduko beste puntakoa. Bai, leku ona da; badu giroa.

Hotz handia egiten duenean, zer egiten duzue?

Neguan, hiria asko gelditzen da. Badaude lur azpiko tunelak [PATH], kalera atera gabe batetik bestera joateko. Negua etxean geratzeko da, edo bata bestearen etxera joateko.

Itzultzeko asmorik baduzu?

Oraingoz, ez; iruditzen zait hemen aukera gehiago dauzkadala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.