Lehenengo kontrola, Euskotreneko geltokitik ateratzeko orduan, Hendaian (Lapurdi). «Ez da aldatu Eurokoparengatik», esan du Itsaso de Andres treneko begiraleak. Azaldu duenez, tarteka jartzen dira hor Frantziako poliziak. Batzuetan, nortasun agiria «kanpotarrei» bakarrik eskatzen dietela esan du, eta airean geratu da zalantza, hau da, zer izango ote den «kanpotar bat» mugazain horientzat. «Bestetan, denei eskatzen diete».
Gaur zorion egun horietako bat da, antza, bidaiariak besterik gabe pasatzen ari baitira. Baina gutxi irauten du ohiko susmagarriaren zorionak. «Nortasun agiriren bat, s'il vous plaît?».
Hendaiako Pharmacie de la Gare botikan Meryl Telletxea eta Marlene Homate ari dira lanean. Sumatu dute jende gutxiago sartzen dela. Baina egoera azaroaren 13ko Parisko erasoen ondoren hasi zen, Frantziako Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuenetik. 130 pertsona hil zituzten eraso haietan. Psikosia dagoela uste du Telletxeak. «Jendeak dio muga itxita dagoela, baina ez da egia; kontrolatuta baino ez dago». Salmentetan sumatu dute, baina ez dakite zein izan daitekeen zenbaki zehatza. «Barregarria da», esan du Homatek; «ardura erakusteko egiten dute, jendeari segurtasuna emateko, baina jendea izorratzen dute».
Philippe Roy okinak baditu zenbakiak. Duela sei hilabete, bere gain hartu zituen labea eta denda Hendaia eta Irun (Gipuzkoa) arteko Santiago zubitik gertu, eta aurreko jabeak kontu liburuak utzi zizkion. «Iazko datuak ikusi ditugu, eta %30 jaitsi gara», esan du. Botikan bezala, azaroan hasi ziren okindegiko arazoak. «Ulertzekoa da; jendeak ez du autoan ilara egin nahi». Royren aburuz, Poliziaren neurriak ez dira beharrezkoak. «Euskal Herrian ongi dakigu gauzak menditik pasatzen direla, eta Bidasoa ontziz minutu gutxian zeharkatzen dela». Neurri politikoa dela uste du: «Laster hauteskundeak dira».
Zubia zabalik dago
Ibai nahasian, zurrumurruak igeri. Lapurdi eta Gipuzkoa arteko Santiagoko zubia oinezkoentzat itxita dagoela zabaldu da, baina ez da egia. Zubi zaharra itxi dute erabat; Santiagoko zubia, berriz, zabalik dago. Kontrola dago, halere, Oteizaren monolitoaren parean, Hendaiarako norabidean, betiere. Poliziek edukiontzi itxurako bulego bat dute, argindar sorgailu handi batek elikatua. Kamioiek sigi-saga pasatzen dute kontrola. Ez dituzte auto guztiak gelditzen. Emakume ilehori bati alto eman diote. Jendea gelditzeko irizpidea misteriotsua da.
«Hortxe bizi naiz, eta egunean lautan pasatzen dut zubia, arazorik gabe», esan du Amaia Salaberriak.
Behobiako zubian kontrol sistema bera ezarri du Frantziako Poliziak.
Autobidean, Pausuko ordainlekuan, arazorik gabe dabiltza Lapurditik Gipuzkoara pasatzen diren ibilgailuak. Geldoago, ordea, kontrako bidean daudenak.
Bide bazterrean, AEBetako armadak erabiltzen duen Humvee motako auto beltz bat dago, blindatu itxurakoa. Atoia darama atzean, eta, atoian, kanoi bat. «Gribeauval kanoi bat da, Gerra Napoleonikoetakoa», azaldu du gidariak, argitu gabe gailua benetakoa den edo kopia indargabetu bat. Larrialdi egoeran gerrako arma bat autobidean barrena eramateagatik arazorik izan ote duten galdetuta, «inongo oztoporik ez», erantzun du.
Ingalaterratik heldu da Pausura Juan Jimenez kamioilaria. Eurotunela pasatu du inongo trabarik gabe. «Hemen egin dut lo, eta, esnatu naizenean, harritu egin naiz kontrolekin».
Zaila zaio kalteen kalkulua egitea Faisan tabernako Josema Elosuari, aldagai asko sartzen baitira ekuazioan; eguraldia, besteak beste. Halere, galdutakoa %20 inguru dela ebatzi du. «Jendea alkohola eta tabakoa erostera etortzen da, eta beldur da kontrolekin, nahiz eta horiek ez egon horretarako». Asteazkenekoa izugarria izan zela esan du, Irun osoa geldirik egon zela. «Badirudi norbaitek errieta egin diola Poliziari, eta kontrolak lasaitu dituzte. Bestela ezin zara Irunen bizi».
Behobiako gasolindegietan sutan daude eragozpenekin. Karmen Martiarenak salatu du ordurik txarrenetan jartzen dituztela kontrolak, jende gehien dabilenean. «Baina eurei afaltzeko ordua heltzen zaienean, alde egiten dute», gaineratu du. Euria egiten duenean poliziak bulego-etxoletan sartzen direla gaineratu du. Beraz, armak eta drogak pasatu nahi izanez gero euria egiten duenean edo afalordutik aurrera pasatzeko gomendatu du, ironikoki. Martiarenak salatu duenez, poliziek batez ere emakumezkoak gelditzen dituzte. «Aspertuta daudenez, denbora-pasa gisa egiten dute, jolasean. Nahiko nuke haiek egotea ilaran, haurren bila joan behar dutenean».
Egoeraz galdetuta, irmo erantzun du Behobiako zubiko kontroleko polizietako batek: «Ez dugu eskubiderik prentsarekin hitz egiteko».
BIZIGIRO
Kanoiak bai, ogirik ez
Eurokoparen atariko auto ilarak arindu egin dira Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko mugan, baina inguruan lan egiten dutenak nekatuta daude zazpi hilabeteko setioarekin. Bideoa: Kontrolak Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan (Argazki Press). [Youtube]https://youtu.be/6JyikUNTT4Y[/Youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu