Kanoikadarekin hasiko dute Donostiako Aste Nagusia, gaur

Dena prest dago jada festari ekiteko: zortzi egunez ez da parrandarako aitzakiarik faltako hiriko kaleetanPiratek kaian bota dute aingura, eta bederatzi eguneko egitaraua osatu dute

Urtetik urtera geroz eta pisu handiagoa ari da hartzen piratek proposatutako egitaraua. LANDER FERNANDEZ ARROIABE/ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Donostia
2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Guztia prest da Donostian Aste Nagusiari ekiteko. Festa parekideen eta herritarren alde egingo zuela adierazi zuen Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek, eta asmo horren zantzuak ikusgarri izango dira Aste Nagusiaren lehenengo minututik.

Kanoikadaren aurretik, hainbat txaranga aterako dira hiriko hainbat lekutatik: The Joselontxo's, Conchita's Band, Los Musaicos, Los Bebes de la Bulla eta Alloa Bowmar Pipe Band. Alderdi Ederren elkartuko dira guztiak.

Ondoren, ohi bezala, Luis Mokoroa artillari nagusiak botako du kanoikada, 19:00etan, eta harekin batera, Añorgako Kultur eta Kirol Elkarteko kadete neskek kantatuko dute festak piztuko dituen abestia, Artillero. Jarraian, Oskorri taldeak girotuko du Bulebarra, Dantza Kontra Dantza azken lanarekin.

Gaur hasita, abuztuaren 20ra arte, jai giroak ez du etenik izango Donostian, eta hiriaren txoko guztietan izango da zer ikusi eta zer egin.

Musika

Aste Nagusian musikak beteko ditu hiriaren hainbat gune. Egunero izango dira kontzertuak Saguesen. Han izango dira Mar-ta Sanchez, Berri Txarrak, Muchachito Bombo Infierno, Def Con Dos, The Billie Jeans, Su Ta Gar, Esne Beltza, Zea Mays, Melendi eta Celtas Cortos. Kontzertu guztiak 23:30ean hasiko dira.

Konstituzio plaza erromeriek girotuko dute gauez: besteak beste, Tzr Eztanga, Obaneuke eta Arrabots ariko dira, 23:30ean.

Bulebarrean hainbat musika estiloz gozatzeko izango da gauetan. The Sparteens, Lauroba eta Mocongo Son taldeek joko dute, besteak beste.

Kursaaleko terraza ere musikarien agertoki bihurtuko da Aste Nagusian. Disko jartzaileak izango dira egunero, beste taldeez gain. Gose, La Troba Kung Fu, Tacumah Reggae Band eta Kilema taldeak ikusteko abagunea izango da.

Dantza taldeak

Konstituzio plazan dantza taldeak eta fanfarreak izango dira egunero, arratsaldeetan. Doinu umoretsuak eta euskal dantzak izango dira oholtza gainean, 18:30ean, 20:00etan eta 20:30ean. Beste talde batzuen artean Goizaldi, Arkaitz eta Kemen dantza taldeak izango dira.

Easo plazan ere gorputza astintzeko aukera izango da egunero, 23:30ean. Cafe Irlandes, Tsunami, Azabache eta Venus taldeak izango dira bildutakoak animatzeko arduradunak.

Umeentzako ekitaldiak

Bihartik hasita, egunero, haurrentzakotailerrak antolatuko dituzte Kursaaleko terrazan, eta guztiak 18:00etan izango dira. Asteazken, ostiral eta larunbatean, eguerdian ere izango dituzte. Egun bakoitzean, munduko leku batekin zerikusia duten eskulanak egiten ikasiko dute.

Gastronomia

Euskal Herriko zein nazioarteko zaporeak dastatzeko aukera izango da egunero Kursaalean: Goierriko talogileez gain, Galizia, Turkia, Argentina eta Brasilgo jakiak izango dira dastatzeko. Ordutegi finkoa izango du: 12:00etatik 23:00etara. Bestalde, urteroko marmitako txapelketa izango da kaian hurrengo asteburuan.

Antzerkia

Gipuzkoako Plazan obrak antzeztuko dituzte egunero, 23:30ean. Euskarazetamol, Por Humor al Arte, The Wolves eta Mugarik Gabe ikuskizunak izango dira oholtza gainean antzeztuko dituzten batzuk.

Bertsolariak

Puntako bertsolariek ez dute hutsik egingo Aste Nagusian. Astelehen, asteazken eta ostiralean izango dira bertso saioak, Easo plazan. Jon Maia, Miren Amuriza, Andoni Egaña, Amaia Agirre, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina jarriko dira, besteak beste, mikrofonoaren aurrean. 12:30ean izango dira hiru bertso saioak.

Herri kirolak

Trinitate plaza herri kirolen lekua izango da aurten. Astelehenean aizkorek hartuko dute plaza, eta abuztuaren 20an, berriz, Igeldoko harria altxatzen saiatuko dira parte hartzaileak. Bi ekitaldiak 19:30ean hasiko dira, eta ikusi ahal izateko, sarrera ordaindu beharko da.

Horrez gain, kirol txapelketa ugari jokatuko dira Aste Nagusian: pilota, boleibola, zaldiketa, errugbia...

Eskulanak

Festek iraun bitartean hogei eskulan postu egongo dira Vinuesa plazan, Gipuzkoako Artisauen Biltzarrak jarriak. Bestalde, eskulangintzarekin zerikusia duten sormeneko tailerrak eskainiko dituzte bihartik aurrera, goiz eta arratsalde.

Piraten txokoa

Urtetik urtera sendotuz doa piraten egitaraua. Aurten, gainera, aspalditik bilatzen zuten altxorra eskuratu dute: kaia.

Gaurtik hasita, abuztuaren 21era bitartean, hainbat ekitaldi antolatuko dituzte La Flamenka gunean: musika, herri bazkariak, jolasak, poteoa eta kalejirak.

Aste Nagusiari ekiteko poteoa egingo dute gaur, La Flamenka gunetik abiatuta, 20:00etan. Jarraian, txupinazo propioa egingo dute, 22:00etan. Erromeria izango da ondoren, 3Gabe2 taldearen eskutik.

Beti legez, astelehenean izango da Abordatzea. Goizean goiz elkartuko dira piratak, baltsak muntatzeari ekiteko. Bazkaria izango dute gero, 14:00etan, ondoren portutik hasita Kontxaraino osorik iritsi ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.