Gabriela, Maria eta konpainia prest daude kanpai hotsak jotzen jarraitzeko. Hamabost hilabetez Iruñeko katedraleko ezkilak zaharberritzen jardun ondoren, atzo eguerdian igo zituzten hamar kanpaiak euren ohiko tokira. Katedraleko dorreetako batean itxaroten zien Maria-k; handiegia izateagatik, dorrean bertan landu behar izan duten kanpaiak. Asteartean hasi zituzten ezkilak igotzeko lanak, eta atzo amaitu zuten egitekoa Gabriela-rekin, guztietan zaharrena denarekin.
Alemanian eta Valentzian (Herrialde Katalanak) egin dituzte zaharberritzeak: soldatze eta garbiketak, elementuen konponketak, piezen ezinbesteko aldaketak... Horiei guztiei esker, kanpaien jatorrizko ozentasuna berreskuratu ahal izan dute. Gainera, ezkilak jotzeko mekanismoak ere aldatu dituzte: kanpaiak eskuz nahiz mekanikoki erabiltzeko gailuak ezarri dituzte. Zaharberritze horrekin batera, Iruñeko katedralaren aurrealdea ere berritzen ari dira; ia guztiz bukatu dute eraberritzea. Horrekin batera, erakusketa bat antolatuko dute elizaren barrualdean: katedralaren arkitekturaz, kanpaiek mendeetan izan duten garrantziaz eta zaharberritze prozesuaz gehiago jakiteko aukera izango da. Katedralaren bi dorreetara igo eta ezkilen hotsak gertutik entzuteko parada ere emango zaio bisitariari. Gainera, Iruñeko hiriak eskaintzen duen ikuspegiaz gozatu ahal izango da kanpandorreetatik; hiriaren begiratoki bihurtuko da katedrala.
Antzinatasunaren balioa
Iruñeko katedraleko kanpaiek urte asko biltzen dituzte euren artean. XVI. mendean sortu zituzten horietako lau; gainontzekoak, berriz, XVII. eta XIX. mende artekoak dira. Katedralari eta kanpaiei antzinatasun horrek ematen dien balio erantsiari eusteko asmoz iritsi zen zaharberritzea. Ezkilak eta katedralaren aurrealdea ez ezik, fatxadaren inguruko espazioak eta kanpai jotzailearen etxea ere berritu dituzte. Zaharberritzean parte hartu duten erakundeen artean daude Iruñeko Udala, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutza eta Caja Madrid fundazioa.
Katedraleko bi dorre nagusietako erreginak dira Maria eta Gabriela. Iparraldeko dorrean Maria dago. Orduen puntuak eta laurdenak direla adierazten duten hiru kanpai ditu alboan, XVI. mendekoak. Horietatik bakar batek gordetzen ditu antzina kanpaietan idazten zituzten hizki gotikoak. Hegoaldeko dorreko kanpaiak liturgietan bakarrik jartzen dituzte dantzan; sei ezkila biltzen dira Gabriela handiaren inguruan. Alemanian zaharberritu dute 167 zentimetro eta 2.700 kilo pisatzen dituen kanpai hori. Kokatuta dagoen tokiak eskuz zein mekanikoki jotzea ahalbidetzen du orain. Duela lau urte jarri zuten martxan katedrala zaharberritzeko prozesua. 2009. urtean kendu zituzten kanpaiak elizatik, eta eraberritzera eraman arte, erakusketa batean ipini zituzten, bisitariek ikusteko moduan. Isilik egon diren kanpaiak eta haien hots berrituak itzuli dira Iruñera; katedralaren inguruan soma daiteke aldaketaren emaitza.
Kanpai hots berrituak
Iruñeko katedraleko kanpaiak euren tokian daude berriro ere; hamabost hilabete eman dituzte ezkilak zaharberritzen, eta jatorrizko ozentasuna berreskuratu dute horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu