Komunikazioa. Ekografiak

Kanpaina eta cava

Aritz Galarraga.
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Herenegun gauerdian hasi zen Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina —hauteskunde orokorretarako kanpaina, soilik, ETB1entzat—. Hasi, ofizialki esan nahi dut, kartel itsaste eta pantomima guztiarekin. Kanpainatik kanpoko egunetan ere jendearen boza eskuratzen saiatzea besterik ez baitute gogoan alderdiek —jendearen arazoak konpontzea baino lehen, adibidez—. Total, abian dela beste kanpaina bat, kanpaina guztiek sortzen duten galdera sortarekin.

Hauteskundeak nork —nahiz eta ETB1entzat bik duten presidente izateko aukera— eta nola —CISen inkesta fidagarriak dio— irabaziko dituen argi baino argiago egonik, garbitzeko geratzen diren zalantzak beste batzuk lirateke. Alor politikoan, esaterako, gurean lehenengo indarra nor izango den, Amaiur koalizioaren agerpenarekin.

Baina, telebistari dagokionez, galdera hauek ditut nik: Amaiur bera gonbidatuko al dute ETBko eztabaidetara? Krisia eta ETA izango dira Espainiako gobernu berriaren erronkak, bai, baina baita kanpainako gai izarrak ere? Azpimarra saioak bakarrik ez, zergatik hartuko du atseden bigarrenez jarraian kanpaina batean Maddalen Iriartek? Eta gaurko zutabea honekin itxiko dudanez: jarraituko al dute ETBko albistegiek alderdi politikoen bloke elektoralak bere horretan irensten?

Estatuari begira, bataila nagusia Katalunian izango dela diote analista politikoek —baikorrenek, bataila politikoa izango dela sinesten dutenek—. Ematen du Raxoi ohartu dela horretaz: oraingoan ez du cava katalanaren kontrako boikotik eskatu, eta Castelldefels-en ekin dio kanpainari. Baina alderdi politikoek inposatutako bloke elektoralez ari bagara, TV3eko albistegietakoak aspaldian ari dira horien kontrako protestan: informazioaren arabera ez, alderdien ordezkaritzaren arabera eman behar baitituzte berriak. Ondorioz, bloke horietakoak sinatu gabe uzten dituzte. Protesta txepela da; nahi baduzue, ahula; ez dakit zenbat kanpaina daramatzaten horrela. Baina protesta da. Gurean, kanpainako lehen Gauberri-an, hau izan zen ordena eta tartea: PSE, 45 segundo; EAJ, 70; PP, 25; Ezker Anitza, 20; UPD, 15; Amaiur, 20. Bakoitzak zer zuen esateko, bost. Ez soilik cava, ea beste zerbait ere ekartzen dugun Katalunia aldetik, edo, Raxoik cavarekin bezala, boikota egiten diegun bloke elektoralei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.