Duela hamabi urte, portua handitzeko proiektuari heldu zioten Pasaiako Portu Agintaritzakoek. Kanpoko portua deritzote planari: gaur egungo portua beste jarduera ekonomiko batzuetara bideratzea eta Jaizkibelgo itsaslabarrean kanpoko kaia berria sortzea da horren helburua.
Neurri eta aurrekontu handiko proiektua da. Horregatik eta beste hainbat arrazoirengatik, 2003an Jaizkibel Bizirik plataforma sortu zuten, eta obra «erraldoi» eta «beldurgarriaren» aurka ibili da orduz geroztik.
Portu Agintaritzakoek, barnealdeko kaia txiki geratu dela eta, beharrezkoa ikusten dute kanpoko portua eraikitzea. «Joera unibertsal berriek eta trafikoaren eboluzioak Pasaiako portua ezin erabiltzeko moduan utziko dute laster, sakonera, luzera eta sartzeko muga handiak dituelako», dio Gorka Reizabalek, Pasaiako portuko komunikazio arduradunak. Jaizkibel Bizirik plataformako kideek diotenez, «kanpoko portua ez da beharrezkoa, ez dute frogatu behintzat».
«Jaizkibelgo kostaldea desagertzeko arriskuan dauden izugarrizko altxorrak gordetzen dituen itsaslabarrez osatua dago», diote, eta «bertako balio ekologiko eta naturalak aintzat hartuta, ez dugu onartuko han portua egiterik».
Gaur egun, Ingurumenaren iraunkortasun txostena osatzen dabiltza proiektuaren aldekoak, Jaizkibelen izango den ingurumen eragina zuzenduz eta orekatuz, eta «ministerioak onartzea espero dugu», adierazi du Reizabalek. Plataformako kideek, aldiz, ministerioak plana ez onartzea espero dute, «eta onartzen badute ez da horrela geratuko, guk aurrera jarraituko dugu».
Bihar: Euskal Herriko portuak (III). Ondarroako portua.
Kanpoko portua, ezbaian
Pasaiako Portu Agintaritza, alde; Jaizkibel Bizirik plataforma, aurka. Espainiako Ingurumen Ministerioaren erabakiaren zain dago kanpoko porturako proiektua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu