Koldo Amatria. Orreaga fundazioko kidea

«Kantuen bidez, euskara kalera atera nahi dugu sanferminetako egunetan ere»

BERRIA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Sanferminetan kantari ekinbidearen antolatzaileetako bat da Koldo Amatria (Iruñea, 1949).

Bi urteko etenaldiaren ostean, kalera atera zarete. Gogotsu?

Bai. Duela 17 bat urte hasi ginen Sanferminetan Kantari egitasmoa antolatzen, eta orduan bezain beharrezkoa eta gozagarria da gaur egun ere karrikak hartzea eta euskaraz kantatzea.

Zergatik beharrezko?

Euskara kalera atera eta herria egiteko. Sanferminak gero eta nazioartekoagoak diren honetan, ezinbestekoa da geure hizkuntzari, kulturari eta tradizioei eustea, euskara ikusaraztea.

Jende asko bildu zarete aurten ere. Pandemiak ez dizue festarako gogorik kendu, dirudienez...

Ez, ez. Kantujiraren ostean San Jose plazan egiten dugun bazkarian 500 lagunek izena eman dute aurten, eta kalejiran osoan 2.000-3.000 pertsona juntatzen gara urtero. Giro ederrean aritzen gara beti, hori baita, finean, sanferminek duten onena: kaleko giroa. Hori sustatu nahi dugu guk ere.

Sareak ere ehundu dituzue beste elkarte batzuekin, ezta?

Bai. Euskal Herri osoko taldeak etortzen dira Iruñera kantatzera sanferminetan: Baiona, Donostia, Gasteiz, Gernika, Sakana, Miarritze... Herrialde guztietakoak.

Zer esaten dute Iruñean dabiltzan turistek, zientoka lagun kantari ikusten dituztenean?

Eurendako oso gauza arraroa da, Euskal Herritik kanpo oso gutxitan ikusten direlako halakoak. Pentsatzen dute manifestazio batean sartu direla ohartu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.