Euskaltzaleen topagune garrantzitsuenetarikoa da ikastolek Baionako Gaztelu zaharraren ondoan antolatzen duten Karrikaldia. Bada aspaldiBattitta Bosq ikastolako animazio taldeko kide sutsuenetarikoa dela, eta Karrikaldiaren antolaketan parte hartu du luzaz. Euskal giroa sustatzearen garantiza azpimarratzen du baina ahantzi gabe ikastolentzako ekonomia erronka bazter ezina dela ikastolen jarduna bermatzeko. Herriko Etxeak eta erakundeek gibelera egin ahala, ostatuaren beharra handitzen da.
Nola azalduko zenioke zer den Karrikaldia bertan egon ez denari?
Hamahiru urteko ibilbidearen emaitza da. Orduan Baiona txikiko barruti ilun batean egiten genituen taloak. Geroago Montaut plazara pasatu ginen, Dantzazpiren inguruan. Gero sortu ziren Baionan Kantuz eta hainbat ekimen. Leku bat eskatu genion herriko etxeari eta lortu genuen gaztelu zaharraren ondoan kokatzea. Euskal kultura bizirik da Karrikaldian. Jendeak ez dira pasiboak, bestaren partaide eta eragile baizik. Dantza ikuskizunak, bertso saioak eta hainbat ikusgarri bada, baina gehienbat herritarrek dute protagonismoa, izan dadila Dantzazpian mutxikoak dantzatuz edo kantuaren bidez.
Nola antolatzen da hori guztia?
Montaut plazako esperientzia genuen eta euskararen inguruan eskaintza orokor bat plantan ezartzeko proposamena egin genion herriko etxeari. Aitzinetik antolaketa lan handia dago baina egunean egun ere bai. Egunero bederen 40 pertsona ari dira lanean, beraz orotara 160-200 langile dira, gutxi gora behera.
Zein da Karrikaldiaren gozotasunaren arrazoia?
Arratsaldean egiten da eta horrek mozkorraldien kontuak baztertzen ditu. Gainera, besta parte-hartzailea izanik,lagun taldeak eta familiak biltzen dira bertan. Bada edateko, bada jateko. Alaitasunak hartzen du protagonismoa. Belaunaldi guztietako jendeak gurutzatzen dira Karrikaldian eta errespetua da nagusi. Ez dugu deus berri sortu baina ohituraz egiten diren ekimenak Baionako karrikara eramatea lortu dugu. Pentsatzen dugu horri esker, edo ondorioz, bertze gune batzuetan ere joera hori nagusitzen ari dela.
Ez da ikastolen ekimen bakarra. Karrikaldiaz gain, ostatuak atxikitzen dituzue eta ogitartekoak saldu dirua lortzeko. Ekimen horiek gabe bizi daitezke ikastolak?
Ikastolen egoera larria da eta egiten badugu, diru faltarengatik da. Animazioa eta kultur eskaintzak garrantzitsuak dira, baina arrazoi nagusia ekonomikoa da. Ez dugu botere publikoen aski laguntza ekonomikorik beraz guk bete behar dugu gero etahandiagoa den hutsune hori. Ikastolak ez lirateke biziko gurasoen engaiamendurik gabe. Seaskak ordaindu ditu Poloko ikastolaren handitze lanak. Herriko etxeak dio legeak ez diola laguntza ematea uzten. Alta, bertze herri batzuetan ez da horrelako trabarik. Borondate kontua daeta hemen ez omen da horrenbeste .
Battita Bosq. Ikastolako gurasoa
«Karrikaldian belaunaldi guztiak gurutzatzen dira, eta errespetua da nagusi»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu