Gipuzkoako kostaldeko hiru herrik osatzen dute Geoparkea: Mutrikuk, Debak eta Zumaiak. Herri horiek duten natur eta kultur balio paregabeak ekarri zuen, UNESCOk bultzatuta, Europako eta Munduko Geoparkeen sarean egotea.
2010ean Euskadiko Turismo saria jaso zuen Flyscharen ibilbideaz gain, paisaiez eta kareharrizko mendigunez osatutako mosaiko bat ezagutzeko aukera ematen duen Karstaren ibilbidea eta kultura eta tradizioak ezagutzeko programak ere badaude Geoparkea enpresak eskaintzen dituen zerbitzuen artean. Hainbat mota eta luzeerako irteerak daude.
Flyscharen ibilbidea da oraindik bisitari gehien jasotzen dituen irteera; hala ere, aurten antolatu berri duten Karstaren ibilbidea indarra hartzen ari da. Karstak antzinako uharriak ziren. Uraren poderioz hango kareharria disolbatuz joan zen, eta forma ezberdinak sortu zituen. Ibilbide horretan, prozesu osoa azaldu eta euskal mitologiarekin lotuko dute, han bizi baitziren gure kulturak sortutako lamiak, jentilak eta bestelako pertsonaia mitologikoak.
Bestetik, arte eta kultura ibilbideak ere eskaintzen dituzte. Nagusiki, herri bakoitzeko alde zaharraren historia ezagutzen lagunduko duten hitzaldiak dira. Monumentu eta parrokien historia, erlijiotik at, eta herri bakoitzaren txoko interesgarrienak ezagutzeko aukera zabaltzen du ibilbide horrek.
Aurten, gainera, proiektu berri bat jarri dute martxan. Esperientzia deituriko ikastaroetan, Euskal Herriko kulturan edo historian zeresan handia izan duten ofizioetan esperientzia txiki bat edukitzeko aukera ematen dute. Esaterako, taloak eginez, gazta egiteko prozesua ezagutu eta dastaketak eginez, Mutriku inguruan arrantza egitera ateraz… ; beste hainbat ofizio gertutik ezagutzeko ere aukera paregabea da.
Ibilbide horiek, Flyscharena barne, oinez, itsasontziz, zaldi gainean edo kayakean egiteko aukera dago, gutxienez ordubete eta gehienez zazpi ordu irauten duten saioetan.
Karsta: kultura eta esperientzia Geoparkean
Flyschaz gain, Karsten ibilbidea, kulturaren ibilbidea eta Euskal Herriko historiako ofizioetan esperientzia txiki bat eskaintzen du Geoparkea enpresak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu