Egunen batean ez da kartel hau jarri beharko. Imajinatzen duzu?. Horixe du leloa 2010erako Atzegi adimen urritasuna duten pertsonen Gipuzkoako elkarteak prestatutako kanpainak. Lelo eta mezu hori errealitate bihurtzeko lanean ari dira elkartean azken 50 urteetan. Mende erdia beteko du astelehenean Atzegik, eta urteurrenaren harira prestatu dituzten ekitaldien artean erakusketa berezi bat jarri dute Kutxak Donostiako Bulebarrean duen aretoan: Atzegi. 50 urte imajinatzen. Mende erdiko ibilbidean Atzegik argitaratutako kartel eta afixak bildu dituzte, eta horien bidez irudika daiteke elkarteak urteotan guztiotan izandako bilakaera.
Adimen urritasunaren inguruan gizartean izandako bilakaeraren lekuko dira kartelak; mezu eta idatzietatik hasi, eta horiek lantzeko erabilitako irudiekin jarraitu. Erakusketako lehenengo kartelak 1968ra darama bisitaria: O les ayudamos entre todos o se quedan sin ayuda —guztion artean laguntzen ditugu edo laguntzarik gabe geratuko dira. Adimen urritasunaren inguruan ezjakintasuna eta ardura eza erabatekoak ziren 1960ko gizartean; eta errefus eta bazterketa horren isla da 1969ko afixa ere: No tenemos ni voz ni voto —ez dugu ez ahotsik ez eta botorik ere—. «Atzegi elkartearen izena bera da bilakaera horren lekuko; sortu zenean Asociacion Guipuzcoana Pro Subnormales izenarekin sortu zen, eta egungo ikusmiratik pentsaezina litzateke elkartea modu horretan izendatzea», dio Patricia Ayok, Atzegik familiei laguntza emateko taldeko langile eta erakusketaren arduradunetako batek. Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea da egun Atzegi. Badago aldea.
Adimen urritasuna dutenekiko gizartearen begiradan aldea dagoen gisa berean. «60ko urteetan adimen urritasuna zuen seme-alabarekin kalera irtetea ausardia handiko ekintza zela gogoratzen dute elkartea sortu zuten aitzindariek, ia ezkutuan ateratzen zirela», dio Ayok.
Ezjakintasun eta errefusak karitate sentimenduari egin zion tarte ondorengo urteetan, eta 90eko hamarkadan elkartasunari. Kontzientzia eta ikuskera aldaketa horren azken urratsa adimen urritasuna duten pertsonen gizarteratzea izan da: «Urrats asko egin ditugu. Hezkuntza munduan eskoletan barne hartu dira, lan munduan ere pixkanaka sartzen ari dira adimen urritasuneko pertsonak, eta gizarteratzeko urrats asko egin dira».
Esparru horiek aldarrikatzeko beharrik ez edukitzea da Atzegiren helburua, eta, bide batez, kartelik prestatu behar ez izatea.Mende erdiko ibilian argia ikusi duten kartelak ez ezik, Atzegik eta Ipar Euskal Herriko EVAH elkarteak antolatutako argazki lehiaketako lanak ere jarri dituzte erakusketan. Urtarrilaren 9a bitartean egunero izango da goiz eta arratsalde bisitatzeko modua, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara.
Kartelik gabe, imajinatzen?
Mende erdia bete du Atzegik, eta erakusketa bat jarri dute Donostian, 50 urteko ibilbidean argitaratu dituzten kartelekin. Afixa gehiago beharko ez den garaia 'imajinatu' nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu