Ikusi, inork ez ditu ikusi, baina askok sumatu dituzte haien arrastoak Ega ibaiertzean. Entzun bai, denek entzun dute haien inguruko zerbait azkenaldian. Kastoreek hozkatutako hainbat zuhaitz aurkitu dituzte San Adrianen (Nafarroa) orain egun batzuk, Pijorrio izeneko ibaiaren bihurgunean, eta ahoz aho dabil gaia herritarren artean. Ezer gutxi zekien duela aste batzuk karraskari horiei buruz Isidro Garcia herriko Ingurumen zinegotziak; orain aditua da kasik. Ezagutzen ditu arraza ezberdinak, badaki zer-nolako arrastoak uzten dituzten, baita zer pisu izan dezaketen ere. Dioenez, egun gutxitan lekutuko dituzte Nafarroako Gobernuko arduradunek, eta ez dira arazo. «Makal batzuk moztu dituzte, baina ez dago inolako arriskurik».
Iaz ere ikusi zituzten kastoreak herri inguruko ibaiertzean. Agertzearekin batera desagertu ziren, ordea. Gobernuko Ingurumen teknikariek kastore bikote bat harrapatzea lortu zuten Pijorrio inguruan. Bisita gehiago ere egin zituzten gero, baina ez zuten gehiagorik ikusi, eta denak hartu zituztela pentsatu zuten. Aurten hartu dute ezustekoa. Dirudienez, denak lekutzerik lortu ez, eta oraindik ere hor diraute zenbaitek. Arrastoak aipatzen ditu Garciak. «Badaude lurrera botatako hainbat zuhaitz eta hozkatutako zenbait adar. Belar artean ere ageri dira karraskarien joan-etorrien aztarnak. Zuhaitzak erorita ere gune horretan ez dago inolako arriskurik».
XVI. mendetik desagertuta
Mendeak dira kastorea Euskal Herritik desagertu zela. Ez dago argi zergatik, baina XVI. mendean nabarmen egin zuen behera espezie haren presentziak ibaietan, eta ez dago haien presentziaren aipamenik geroztik. Ehiza aipatzen dute askok arrazoitzat, baina ez dago ondorio garbirik. Hipotesiak. Argi dagoena da gerora Nafarroan izan diren kastoreak kanpotik ekarri dituztela. Hemezortzi animalia sartu zituzten 2003an Nafarroa hegoaldean, eta ugaldu egin dira geroztik. Legez kontra sartu zituzten karraskariak, baita beharrezko diren ikerketak egin gabe ere. Harrapari naturalik ez dute inguruotan, eta hedatuz joan dira urteekin. Ebron izan dira, Iratin, Aragoin... eta orain baita Egan ere.
Nahitaezkoa dute zura marraskatzea. Jaiotzen direnez geroztik, etengabe hazten zaizkie hortzak, eta egurra moztuz gastatu behar izaten dituzte. Hala egin ezean, min egingo liekete goiko ebakortzek beheko matrailezurrean. Beraz, kosk eta kosk aritu behar, eta Ega ibaiertzean dago ekin behar horren froga. Aski dute gau bakarra enborra lurrera botatzeko. Ebaki garbiak egiten dituzte zuhaitzen oinarrietan, eta asko dira Pijorrio inguruan kastoreen markak ageri dituzten enborrak. Ibaiaren bi aldeetan.
Kastore europarra da San Adriangoa; Castor fiber izenekoa. Espezie babestua da Europan. Euskal Herrian, ordea, inolako ikerketarik gabe sartu zuten, eta, beraz, baita hemengo espeziei egin diezaiekeen kaltea aztertu gabe ere. Animaliak harrapatu eta lekuz aldatzea da, horregatik, Nafarroako Gobernuko Ingurumen teknikarien asmoa. 2009an hasi ziren lan horretan, eta hurrengo egunetan joango dira San Adrian ingurura. Zaila omen da ikustea, eta are zailagoa harrapatzea, baina Ilundaingo Basa Faunaren Berreskurapenerako zentrora eramango dituzte hartutako kastoreak, eta bere gain hartuko dituen gune zoologikoen edo bestelako erakundeen eskura jarriko dituzte.
Kastoreen hozkadak
San Adriango herritarrek Ega ibaiertzean kastoreek egindako markak aurkitu dituzte azkenaldian, eta karraskariak lekutzeko asmoa azaldu du Nafarroako Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu