Katalanaren alde, korrika

Festa eta aldarrikapen giroan ari dira egiten 2010eko Correllengua, katalana indartzeko lasterketa berezia; 450 herritatik pasatuko da, eta Perpinyan bukatuko da, azaroaren 6an.

2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Lehenengo urratsa uztailaren 3an egin zuen 2010eko Correllengua lasterketak, Arenys de Mar herrian (Bartzelona, Herrialde Katalanak). Salvador Espriu idazlea hil zela 25 urte dira aurten, eta hari egindako omenaldiak jarri zuen abian katalana bultzatu eta sustatzeko ekimen berezia. Azken urratsa Perpinyan egingo du Correllenguak (Rosello, Ipar Katalunia), azaroaren 6an, Pirinioetako Itunaren 351. urteurrena bete bezperan. Bitarte horretan ehunka urrats egin ditu eta egingo ditu katalanaren aldeko Korrika bereziak, hizkuntza hitz egiten den beste hainbeste herri eta hiritan.

Korrika hartu zuen eredutzat, Euskal Herrian bi urtean behin antolatzen den lasterketa, CAL Katalanaren Aldeko Elkarteen Koordinakundeak Correllengua antolatzeko. Mallorcan sortu zuten ekimena, 1993an, eta 1996az geroztik Herrialde Katalan guztiak hartzen ditu. Aurtengoak 15. aldia du, eta antolatzaileak gustura dira orain arteko emaitzarekin. Correllenguari lotutako festa eta ekitaldiak 450 herritan antolatu dituzte, eta ia milioi erdi lagunek parte hartuko dute azaroaren 6a bitarteko ekimen eta festetan, antolatzaileek uste dutenez. «Urria izaten da hilabete nagusia, indartsuena. Ehun herritan antolatu dituzte aldarrikapen ekitaldiak, baina CAL elkartetik kanpoko taldeek beste asko antolatzen dituzte», argitu du 2010eko Correllenguaren koordinatzaile Marc Prohmek.

Manifestua, ekitaldien lotura

Korrika erreferente hartuagatik, bestelakoa da Kataluniako ekimena. Herrietako bakoitzean, festa eta aldarrikapena uztartzen dituzten ekitaldiak antolatzen dituzte, baina herriok ez dituzte gau eta egun korrika eginda lotzen, Euskal Herrian egin ohi den moduan. Antolaketa independentea dute. Poesia errezitaldiak, musika emanaldiak, casteller ezagunak (giza gazteluak), hitzaldiak, haurrentzako jolasak... «Gure kultura aldarrikatzeko ekitaldiak dira, eta etorkinei horiek ezagutarazteko modua. Guztia, festa ukitu batekin. Herriz herri hizkuntzaren garra eramaten dugu», esan du Prohmek. Hasieran, korrikalari gutxi biltzen ziren, dozena bat herritan, eta orain, hamar urte baino gehiago igaro eta gero, katalanaren alde egiten den ekitaldirik jendetsuena da Correllengua.

Urrats horietan azkenetakoa Bartzelonako Horta-Guinardo auzoko Correllenguarekin egin dute, asteburuan. Musika emanaldiak, kale animazioa, eskulan azoka eta haurrentzako tailerrak izan zituzten Nen de la Rutlla parkean, eta Bartzelonan 2011ko apirilerako deitu duten independentziaren inguruko erreferenduma aurkezteko ere baliatu zuten ekitaldia. Ekitaldi nagusian 2010eko Correllenguaren manifestua irakurri zuten. Manifestuak lotzen ditu, hain zuzen, herri guztietako festak. Patricia Gabancho idazle eta kazetariak idatzi du aurtengoa. «Asko gustatu zaigu mezua, are gehiago Gabancho bera Kataluniatik kanpo jaio zela aintzat hartuta. Azken finean, katalanaren aldeko manifestu bat idatzi beharrak ageriko uzten du egoera normalizaturik ez dagoela. Katalanak aurrera egin dezan lanean jarraitu behar dugula dio», esan du lasterketaren koordinatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.