Kataluniak eta Bertsolari Txapelketak hauspotu dute 'Berria.eus'-en hazkundea 2017an

BERRIAren webguneak 2 milioi erabiltzaile izan ditu 2017. urte osoan, 2016an baino %4,76 gehiago. Erabiltzaile horiek 6,6 milioi saio eragin dituzte (%6,64 gehiago). Irismenaren hazkunde horrek bi eragile nagusi izan ditu: Kataluniako prozesua eta Bertsolari Txapelketa Nagusia.

2017an BERRIAren webguneak emaitza onak izan ditu.
Pello Urzelai.
2018ko urtarrilaren 8a
12:15
Entzun

Emaitza onak izan ditu 2017an Berria.eus webguneak, hazkundearen bidetik, bai erabiltzaile kopuruari dagokionez, bai saio kopuruari dagokionez. Guztira, 2.063.291 erabiltzaile bildu ditu 2017an (2016an baino %4,76 gehiago), eta 6.676.606 saio (aurreko urtean baino %6,64 gehiago), Google Analyticsen bidez bildutako datuen arabera. Orrialdeen ikustaldi kopurua ere asko handitu da (%7,49).

Hedabideak aktualitatearen nolabaiteko ispilua izaten dira, eta, aldi berean, gaurkotasunaren gorabeherak islatzen dituzte. Oihartzun handiko gertakariek eragin handia izaten dute hedabideen Interneteko trafikoan. 2017an, BERRIAren webguneak izandako hazkundea lotuta ageri da urteko gertakari handienetako batekin: Kataluniako prozesuarekin (bereziki, erreferendumarekin eta independentzia adierazpenarekin). Ez da kasualitatea trafiko pilaketa handiena urrian gertatu izana: 713.276 saio (inoizko saio kopururik handiena hilabete batean) eta 201.796 erabiltzaile. 

Urrian, audientzia handiena bildutako egunak erreferendumeko eguna eta independentzia aldarrikapeneko eguna izan ziren, hau da, urriaren 1a (38.904 saio eta 21.726 erabiltzaile) eta urriaren 27a, (37.933 saio eta 24.864 erabiltzaile). Baina datuek erakusten dute emaitza on horiek ez direla izan bi egunetako kontua, baizik eta Kataluniako egoeraz informatzeko ahalegin iraunkor baten ondorio: urriak dituen 31 egunetatik 23 egunetan gainditu egin da 20.000 saioko langa. 

Kataluniako prozesuak sortutako ikusminari Bertsolari Txapelketa Nagusiak eragindakoa ere gehitu behar zaio. Izan ere, 2016ko datuekin konparatuta, alde positibo handiena urteko azken hiru hilabeteetan pilatzen da, aipatutako bi gertakariekin batera. Izan ere, oso harrera ona izan dute irakurleen artean Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruzko artikuluek eta bideoek. Nabarmentzekoa da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren gaineko artikuluen oihartzuna. Izan ere, haietako batzuk 2017an gehien irakurritako artikuluen zerrendan ageri dira: Maialen Lujanbioren txapela, Unai Agirreren sailkapena, Maialen Lujanbioren Irungo bertsoaldi gogoangarria…

Bistan denez, gai batzuek oihartzun handiagoa lortzen dute, zenbait arrazoi direla medio (garrantzia, irakurleen zaletasuna, birala izateko gaitasuna…). Baina 6,6 milioi saioko emaitzaren gakoa ez dago horretan, baizik eta BERRIAk sareratzen dituen eduki multzo osoan: 2017an, BERRIAk 35.160 artikulu eta 564 bideo sareratu ditu webgunearen bidez. Eduki landu eta askotariko hori guztia da BERRIAren irismen datuen iturburua. 

Erabileraren ikuspuntutik, saio kopuruarekin batera, kontuan hartu behar da saioen iraupena ere, hau da, irakurleek BERRIAren edukietan nabigatzen eginiko denbora. Guztira, 744.367 ordu eman dizkiete irakurleek Berria.eus-en edukiei. BERRIAk ekoitzitako bideoek ere harrera ona izan dute: 2017an sareratuko 564 bideoek 14.605 orduko arreta bereganatu dute, 342.524 ikustaldiren bidez. Izan ere, ikusten emandako denbora gehien bereganatu duen bideoa Joxe Azurmendirekin Martin Ugalde Foroan izandako solasaldiarena izan da (595 ordu, 2.595 ikustalditan). Bigarrena Tolosaldeko Gure Esku Dago-k antolatutako Zertarako erabaki? izenburuko mahai inguruarena da (469 ordu, 1.994 ikustalditan). Eta hirugarrena, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren osteko prentsaurrekoarena (463 ordu, 3.563 ikustalditan). Ikustaldi kopuruaren arabera, sailkapena bestelakoa da: 2017an ikustaldi gehien Goazen telesailaren bideokliparen aurkezpenak izan zuen (11.717 ikustaldi). Bigarrena Maialen Lujanbiok txapela janzteko unearena da (8.592 ikustaldi). Eta hirugarrena, Korrika Gasteiztik igarotzean egindako zuzeneko bideoarena (7.412 ikustaldi).

BERRIA erreferente nagusia da herri ekimeneko euskarazko hedabideen artean. Horrela islatzen dute Hekimen Analyticsen datuek: Hekimen elkarteko hedabideek 2017an izaniko 8,7 milioi erabiltzaileetatik %23,7 BERRIAri dagozkio. Halaber, Hekimeneko hedabideek sortutako 23,3 milioi saioetatik %28,6 BERRIAk sortutakoak dira. Azkenik, Hekimeneko hedabideetako webguneetako edukiei irakurleek eskainitako 1,4 milioi orduetatik %50 BERRIAren webgunekoei emandakoak dira.

Azkenik, aipatzekoa da telefonoaren erabilerak izandako hazkundea. BERRIAren webgunean, lehen aldiz, urte batean saio gehiago izan dira telefonoaren bidezkoak (%49,19) ordenagailuaren bidezkoak (%44,48) baino. Tabletaren bidezko saio kopurua, berriz, %6,33 izan da. 2016ko datuen aldean, telefono bidezko trafikoa %25,7 hazi da, eta beste gailuen bidezkoa, gutxitu: ordenagailua, -%6,83, eta tableta, -%8,12. Dena den, telefono bidezko trafikoaren hazkundea are ikusgarriagoa izan da Hekimen osoan: 2016tik 2017ra %39,24 igo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.