Urtero antolatzen du Ikuszirkus jaialdia Andoaingo Bastero kulturguneak (Gipuzkoa). Eta, urtero bezala, zirkua, magia eta umorea taularatuko dituzte hainbat taldek igandera arte, egunero, 20:00etan.
Agertzearen eta ezkutatzearen artean maisua den pertsona bat ikusi ahalko da gaur. Mag Lari kataluniarrak umorea eta magia nahasten ditu, argi joko landu baten eta musika aukeraketa zorrotz baten laguntzarekin. Ordubetez arituko da, ikusleeekin eta haien parte hartzearekin jolasten.
Chapertons hirukotearena izango da pista bihar: Boom! ikuskizuna taularatuko dute. Horiek ere katalanak dira, eta hitzik gabeko ikuskizun bat lantzen dute. Auto pneumatiko zahar batzuk baino ez dituzte behar, hainbat mundu eta egoera sortzeko.
Ostegunean, Les Krilati taldearen txanda etorriko da. Akrobaziak eta antzerkia nahasten dituen bikote bat da. Paristik datoz bi artistok, eta gorputzaren hizkuntza erabiltzen dute istorio dotore eta poetikoak kontatzeko.
Galiziako Maralabaranda konpainiak itxiko du jaialdia ostiralean, Residuo lanarekin. Manuel Trasmontes eta DJ Kote kale garbitzaileen arteko harreman bitxia kontatuko dute. Kaka garbitzea bizimodu eta jolas bihurtuko dute, ikusleen aurrean.
IKUSZIRKUS JAIALDIA
Noiz. Gaurtik ostiralera, 20:00etan, Bastero kulturgunean, Andoainen (Gipuzkoa).
Kataluniako magia eta gehiago
Ikuszirkus jaialdia abian da; akrobazia, mimoa, eskujokoak eta beste ekarriko ditu Andoaingo Bastero kulturgunera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu