Begi bistara agertu da berriz ere Gasteizko Santa Maria katedralaren dorrea. Zaharberritze lanak zirela medio, aldamio eta koloreetako olanez ezkutaturik egon da eraikina zazpi urtean. Barnealdean ibiltzea errazagoa izan dadin beste eskailera bat eta igogailua jartzeko lanak amaitu ez badituzte ere, kanpoaldeko berritzeak bukatutzat eman dituzte jada, eta hiriko talaiarik ezagunenaren gailurra distiratsu ageri da hiriko alde zaharrean.
Urteetan egindako lanaren helburu nagusia hauxe izan da, Leandro Camara proiektuaren arkitektoetako batek adierazi duenez: «Eraikin historikoaren kanpoaldeko materialak berritzea, eta barnealdeari dagokionez, epe ertainean, bisitariak jasotzeko ahalik eta egoera onenean egotea nahiko genuke, horretarako iristeko erraztasuna hobetuz».
Gaur arte, bide bakarretik igo zitekeen kanpandorrera, hiriaren ikuspegiez eta Arabako lautadaren amaigabetasunaz gozatu ahal izateko. 109 eskailera maila estu eta kiribildu igo ondoren, beste 53 maila gehiago igo behar ziren dorrearen gorputzera heltzeko. Kanpandorrera iritsi ahal izateko, duela gutxi berritutako egurrezko eskailerak zeharkatu ondoren, beste zortzi bat metroan gorantz egin behar zen kapitelera eramaten zuen bide maldatsuan; eta gorantz jarraituz, katedralaren gailurrean dagoen linternara irits zitekeen.
Eraikinaren punturik goreneko guneak, ordea, ez dituzte berrituko: «Altuegia da jendeak bisitatu ahal izateko. Segurtasuna ziurtatzea beharrezkoa da. Kapitelaren gailurreraino igotzea ahalbidetzeko, gainera, oraindainoko estruktura aldatu beharko litzateke, eta xarma galduko luke», proiektuko arkitektoaren arabera. Hala ere, mugikortasun urria duten pertsonentzat eraikinaren gorputz laukizuzen osorako barne-sarbide sistema berri bat ipintzeko asmotan dira. Elizpetik abiatu eta eskailera kiribilen mailara bitartean, haritzezko eskailera trinko bat eta erlojuaren makineria zaharraren zuloa aprobetxatuz ipiniko den igogailua izango dira barnealdeko berrikuntza nagusiak. Arkitektoaren arabera, lan horiek amaitzean, hiriko bisita gidatuen zerrendan izango da urtebeteren buruan katedraleko dorrea.
Igogailuari dagokionez, sei lagun hartzeko gaitasuna izango du, eta kabina beirazkoa izango da; hala, eraikinaren ikuspegi dinamikoa lortuko da.
Kapitelaren gaineko erlojuaren kanpaiak ere zaharberritu dituzte, eta, epe ertainera begira, plastikozko hiru esferak kendu eta beirazko berriak jarriko dituzte.
Santa Maria katedrala fundazioak, Espainiako Kultura Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatutako aurtengo lanek 451.000 euroko aurrekontua izango dute.
Eraikinaren memoriari eusten dion elementu nagusiena «material historikoa da. Ahal den aldaketa txikienak egiten ari gara, erabat eraldatzeak historiaren zati bat galtzea ekarriko lukeelako», arkitektoaren ustez.
Begi bistan da talaia, hiriaren ikuspegi panoramikoaz gozatzeko.
Katedraleko talaia, bistara
Gasteizko Santa Maria katedraleko dorreari aldamio eta olanak kendu dizkiote, eraikinaren zaharberritze lanengatik zazpi urte inguru estalita eduki ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu