Gaurko filmak

Kaurismaki gaztearen odisea zentzugabea

Maitane Mitxelena
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Gutxitan izango duzu hau bezalakorik telebistan ikusteko aukera. Beraz, aintzat hartu Aki Kaurismaki zinemagile finlandiarraren bigarren film luzea ikusteko parada. Kaurismaki gaztea agertzen zaigu Calamari Union honetan, baina etorkizuneko zuzendariaren ezaugarri guztiak aurkituko dituzu: umore beltza, gizarte kritika zorrotza eta humanismo samur baina gupidagabea. Ez da finlandiarraren lan helduetako bat, noski, baina filmak freskotasunez eta alaitasunez betetzen du hutsa.

Helsinkiko Kallio langile auzoko hamabost gizonek -denak Frank izenekoak- bizileku eta bizimodu grisak uztea erabakiko dute, hiriko Eira auzo ederrera bizitzera joateko. Haiekin batera, ingelesez mintzo den atzeratu bat doa: Pekka. Bidaia odisea bihurtuko da: taxiak lapurtu behar dituzte, legebiltzarkideak bahitu, zuhaitzetan edo telefono kabinetan lo egin... eta ustekabeko eratan hil. Izan ere, gutxi helduko dira bizirik promestutako lurraldera.

Inprobisaturiko film bat da, igartzen da, eta horrek emaitza baldintzatzen du: sekuentzia batzuk oso onak dira (auto lapurreta eta heriotzak), eta beste batzuk, ez horren borobilak. Baina opil osoa jan behar duzu, Kaurismakiren lana bizitza bezalakoa baita. Gustuko ez baduzu, joan bizitzera beste auzo batera.

Maitane Mitxelena





Calamari Union

Arte, 00:35. Zuz: Aki Kaurismaki. Akt: Timo Eranko, Kari Heiskanen, Asmo Hurula,

Sakke Jarvenpaa, Sakari Kuosmanen. Filandia, 1985.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.