Ke arteko erromeria

Karobia piztuz hasiko dute San Justoko erromeria, Zeanurin; ongi bidean, bihar aterako dute kare bizia

Duela hamazazpi urtetik hasita, urtero pizten dute San Justoko karobi zaharra abuztuan. MARISOL RAMIREZ / AGP.
2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Jai giro ederra izango dute asteburu honetan Zeanuriko (Bizkaia) San Justo baselizaren inguruan. Urtero bezala, abuztuko azken asteburua erromeriak alaituko du. Erromeriaz gain izango da, ordea, zer ikusia eta zertaz gozatua.

San Justoko karobia piztuz emango diote hasiera jaiari,gaur bertan, 11:00etan. Aurreko urteetan bezala, Juan eta Julian Arana anaiek piztuko dute duela hamazazpi urte lehengoratutako karobi zaharra. Dena den, hara joaten den jendeak ere izango du prestaketa lanetan parte hartzeko aukera. Ongi bidean, bihar eguerdirako lortuko dute kare bizia.

San Justora joaten dena ez da gosez geratuko. Karobia piztu ondoren, hamaiketakoa banatuko dute: urdaia, sardinak, ardoa eta ura. 14:30ean, berriz, auzo bazkaria egingo dute aurretik izena emana dutenek, hariztipean. Arratsaldean, trikitilari gazteen txapelketaren finalerako kanporaketa egingo dute. Soinu hotsak jantziko du, hortaz, San Justo ingurua.

Bihar, erromeriaren txanda

Dena den, jaia ez da gaur amaituko. Bihar ere egun handia da, San Justoko erromeria ospatuko baitute. Meza izango dute 12:00etan, eta, jarraian, ardo zuria eta gailetak banatuko dituzte jendearen artean. Paella lehiaketa ere izango da, eta, 17:30ean, bola eta mus txapelketak izango dira.

Musikaz, janaz eta giro onaz gozatu nahi duenak aukera polita du, hortaz. Eguraldia lagun badute, giroa aparta izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.