Komunikazioa. Ekografiak

Kentzen hasita

Aritz Galarraga.
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Iragarrita zeuden aldaketak, baina bat baino gehiago harritu egin du aldaketen nolakoak. Esan dezakegu saioaren izena bakarrik, Vaya semanita, mantenduko dutela ia: formatu aldaketa izango du, platoko elkarrizketak desagertuko dira, 75 minutu izan beharrean 60ra pasako da, aktoreen %80k ez dute jarraituko —orain arteko bik baino ez dute segiko, saioaren aurkezle eta aktore Andoni Agirregomezkortak ere ez—. Pertsonaia guztiak desagertuko dira, Jonan eta Txori estimatuak barne.

PPk Vaya semanita-ko ekoizleei «tonua leuntzeko eta umore zuria egiteko» eskatu ziela idatzi zen orain urtebete. Ez dakit, gisa horretako berriak ez dira sekula egiaztatzen, baina ikusiko dugu, urri partean jakingo dugu zer norabide hartzen duen saioak, zenbait politikariren desio ezkutua betetzen ote den. Oraingoz, saioa hankaz gora jarri dutela da argi dagoen gauza bakarra. Eta negura arteko tartea dutela ikusle kopuruari buelta emateko, gainerakoan pantailatik kendu egingo omen baitute. Azken aukeraren aurrean daude, hortaz.

Egia esate aldera, malkorik ez zait atera saioa goitik behera aldatuko dutela jakin dudanean, eta ez dut uste saioa kentzeak berak malkorik isuraraziko lidakeenik. Ez nau sekula harrapatu, saioak irauten duen zortzi urteetan. Lehen kolpean, intuitiboki, ikusi izan dudanetan ez dudalako barre handirik egin. Eta barre eginarazten ez dizun umore programa batek, bistan da, labain kamuts batek beste balio du. Erantzun hori arrazoitzeko orduan, neure buruari barre egiteko ezintasuna diagnostikatuko luke batek, baina iruditzen zait harreman handiagoa duela klixe batzuen errepikapenarekin, txantxa higatuekin, gaien konplexutasunarekin, zergatik ez. Umore politikoa egiteko politikariak baino hobeagorik ez dagoela, alegia.

Eta gauzak aldatzen, kentzen hasita, bada, agian kenduko nuke Vaya semanita bera, berri dadila ez saioa, ETB baizik. Inoizko ikusle kopururik apalenak ari dira eskuratzen, eta egiten dutena egiten dutela, ez dute, ezin izango dute ikusle kopuru hori beheragotu. Zergatik, beraz, ez baliatu behi argalen garaia, eraberritzeko, gauza berriak probatu, saiatu, arriskatzeko? Galtzeko ezer gutxi dago jokoan, eta irabazteko, poeta kaxkarrak zioen moduan, mundu oso bat. Ez dago zertan San Joan gauari itxaron, dena erre eta aro berri bati hasiera emateko...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.