Ezarian. Zientzia

'Kepler' jaurtitzeko arazoak

Asteartean, 23:23an espazioratu behar zuten 'Johannes Kepler' zamaontzia, baina, lau minutu falta zirela, operazioa etetea erabaki zuten, arazo batzuk antzemanda. Bart 'Ariane-5' suziriarekin batera ISSra abiatzekoa zen

xabier martin
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Ariane-5 suziriaren oxigeno likidoaren mailak mugatik gora zeudela ohartzean bertan behera utzi zuten astearte gauean Johannes Kepler zamaontzia jaurtitzea. Kurun, portu espazial europarrean, Guyana Frantsesean, kezka nagusitu zen.

Autobus handi baten neurriak dituen kargaontziak Nazioarteko Espazio Estaziora (ISS) joan behar du askotariko hornidurekin. Gaurgero espazioan behar luke atzo gaueko bigarren saioan (21:50) berriro arazoak egon ez baziren, behinik behin. Jaurtitzea 24 ordu atzeratzea erabaki zuten asteartean. Jean-Yves Gall Arianespaceko presidenteak esan zuenez, ingeniariek antzemandako arazoak konpontzen hasi ziren berehala, eta, haien lanaren arrakastaren arabera, zamaontzi handiak espazioan behar du honezkero.

Transferentziarako ibilgailu automatikoa da Johannes Kepler, ESAk Nazioarteko Espazioa Estaziora bidaltzen duen bigarrena. 2008an, Jules Verne bidali zuen. Horrelako ibilgailuek ez dute astronautarik behar. Kepler hamar metro luze da, eta 4,5 metroko diametroa dauka. Haren itxura bi solairuko autobus baten neurriko zilindroa da. Misioak 350 milioi euroko kostua dauka.

ISSn dauden hiru astronautentzako hornitzeak daramatza. Janariak eta oxigenoa, baita hainbat gai ere esperimentuak egiteko. Horrez gain, 4,4 gas tona daramatza, espazio estazioaren orbita aldatu ahal izateko. ISSren orbita 30 eta 40 kilometro artean igo nahi dute, eta horretarako gasak bultzatzeko duen indarra behar da. Lurraren gainetik 300 kilometro baino gehiagora dago ISS.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.