Otsailean gaude, eta inork esango dit amaitu dela efemerideak eta ospakizunak aipatzeko epea. Marian Iriartek aipatu du ospakizuna, gainera. Barkatuko didazue, ordea, Kimika ikasitakoa izaki, zutabe honetara berriz ekartzea kimikaren nazioarteko urte hauxe. Beharko du, gainera, inguruan bil dezakeen laguntza guztia, ez baitiote nolanahiko helburua jarri urteari antolatzaileek: kimika munduaren beharrei erantzuteko iturri estimatua eta aintzat hartua izatea lortu nahi dute UNESCOk eta IUPACek. Huskeria bat, alegia.
Hain zuzen ere, kimikaren irudi publikoari buruz hitz egiteko bildu ditugu Donostiako Kimika Fakultateko hiru kimikari (Marian Iriarte bera bat), Elhuyar aldizkarian laster argitaratuko dugun erreportaje baterako, eta, ñabardurak ñabardura, bat egiten dute hirurek kimikaren irudia txarra delako iritzian. Espero izatekoa, bestalde; inor gutxiri entzun diot nik kontrakoa. Luze eta zabal aritu ziren gaiaz, eta bi ideia besterik ez ditut aipatuko hemen, zerbait ere utzi beharko baitugu aldizkarirako!
Alde batetik, ageriko kontraesan bat. Izan ere, adierazpen kimiofoboek indar handia dute gizartean, eta, aldi berean, kimikaz blaitutako praxia da nagusi (halabeharrez). Eta kontraesanean eroso bizitzeko, kutxa bereiz eta estankoak sortu ditugu. Adibidez, elikagaiak kontserbatzeko baliatzen ditugun gaiak ustez osasungaitzak izanik, kimika deitzen diegu; gaixotasunak tratatzeko baliatzen ditugun gaiak ustez osasuntsuak izanik, medikuntza deitzen diegu; eta abar; kimikaren kutxa gauza txar guztiekin bete arte. Oso erosoa, eta gezur handi bat, norberarekin erabiltzea onartezintzat joko genukeen neurri bikoitz horietakoa. Ez dut nik ukatuko kutsadurari lotutako arrazoi sendoak badirela kimikak hartu duen fama txarraren atzean, baina halako ziriak gezurra dira, dena dela. Kontua da horrenbeste barneratu ditugula, non ia ahalegin kontzientea eskatzen baitu ihes egiteak.
Horren adibide argigarria aipatu zuen Unai Ugaldek mahai-inguruan. Esaten zuen kutxa bereiz horiek berak agertzen direla Kimikako ikasleen artean ere. Ikasi egiten dutela kimikari buruz fakultatean, baina jakintza akademikoaren kutxan sailkatzen omen dute informazio hori, ez iritzien oinarri izateko jakintzaren kutxan; hori, iritzia, gizartean (eta hedabideetan) zabaldutakotik sortzen dute. Haren hitzetan: «Ikasketetan askoz geroago garatzen dute irizpide bat. Harrigarria da pertsona batek ikasteko aukera izatea eta horrek eraginik ez izatea bere iritzietan; bada, hori gertatzen da».
Nik ez dut gogoratzen noiz jabetu ote nintzen kutxa gezurtiak nituela buruan; beharbada izango nintzen Ugaldek aipatzen duen tankerako ikaslea. Gogoratzen dut, ordea, —a ze topikoa!— Marie Curieri buruzko pelikula, telesail edo halakoren bat ikusi ondoren pasa zitzaidala lehenengoz burutik kimika ikasteko aukera. Hain justu, bera da Kimikaren Nazioarteko Urtea aurten ospatzeko arrazoietako bat. 1911n eman zioten Kimikako Nobel saria, radio eta polonio elementuak isolatzeagatik. Bigarren Nobela jaso zuen lehen pertsona bilakatu zen orduan Curie, 1903an Fisikakoa jaso baitzuen, Pierre senarrarekin batera, erradioaktibitatearen arloan egindako aurkikuntzengatik. Orduan, Nobel saria jaso zuen lehen emakumea bilakatu zen. Zientzialari miretsia izan zen bizi zela, eta ikono bilakatu da harrezkero. Ez dakit segitzen ote duen inor kimikara erakartzen, kimikari izateko bokazioa ez baitago bere onenean aspaldi honetan, baina nirekin lortu zuen. Eta ibilbide profesionala bestera bideratu badut ere, kimikari izaten segitzen dudala pentsatu nahi nuke, behintzat, deformazioz.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Kimikarioz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu