Asteburuko proposamenak

Kirolaren eta aisiaren astia

Iruñea. Nafarroako Kirolen eta Aisiaren Feria izango da asteburuan, Baluarte Jauregian

Inigo Astiz
2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Bestelakoetan joaten dira egunak, gehienetan, baina aisiak eta kirolak ere behar izaten dute denbora. Eskaintzarik, behintzat, ez da falta, eta hori erakutsi nahi dute Nafarroako Kirolaren eta Aisiaren Ferian. Nafarroako aisi eskaintzaren argazkia jarri nahi dute jendearen eskura. Asteburu osoko egitaraua antolatu dute horretarako: Iruñeko Baluarte jauregian izango da, ostiralean hasi, eta igande arratsaldera bitarte.

Zabala da eskaintza, eta luzea astebururako antolatu duten ekitaldien zerrenda. Bada denetarik: kontzertuak, dantza ikastaroak, moda erakustaldiak, jaki eta ardo dastatzeak... Orotarik, beraz, ororentzat. Bideo jokoak maite dituztenek, esaterako, lehiaketak izango dituzte Baluarten. Wii eta XBox 360 kontsolen jokoetara aritu ahalko dira nor baino nor, bakoitza bere ahalmenak frogatzen. Horrez gain, hitzaldiak ere izango dira. Sare sozialek enpresentzat duten garrantziaz arituko da, adibidez, Imaginanet enpresako Alberto Egea.

Kirolzaleek ere izango dute beren txokoa. Egunero izango dituzte ekitaldiak, baina igandekoa izango da bereziena. Goizeko hamarretan izango da zita. Nafarroako Hiri Abentura Lasterketa izango da Iruñeko kaleetan. Aurrez eman beharko da izena, halere; parte hartu nahi izanez gero, www.deporbox.com webgunean izango da horretarako aukera.

Dantzak eta motoak

Modak ere badu erakusleihoa Baluarten, hamaika desfile antolatu baititu Alazne Perez komisarioak hiru egunetarako, Nafarroako diseinatzaileen lanak erakusgarri jartzeko. Ikustea baino gehiago aritzea maite duenak ere badu bere txokoa. Fitnes ikastaroak izango dira, batetik, baita dantza eskolak ere. Mota askotako dantzenak, gainera. Afrikarrak, asiarrak, baita brasildarrak ere.

Igandean, moto kontzentrazioa izango da, goizetik hasi eta gauera arte. Bazkari, afari eta ibilaldiaz gain, gainera, kontzertuak ere izango dira Movie Music Club aretoan gauean. Hala ere, larunbatekoa izango da azokaren egun nagusia, orduan ospatuko baitute gala. Orduan emango baitituzte 2011ko Aisi eta Kirol sariak.

NAFARROAKO KIROLAREN ETA AISIAREN FERIA

Non. Iruñean.

Noiz. Ostiraletik igandera.

Zer. Kontzertuak, kirol ekitaldiak, dantza ikastaroak...

Informazioa. www.deporbox.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.