Elikadura, ingurumena, bizi ohitura kaltegarriak, bizi itxaropenaren hazkundea… hainbat dira gero eta minbizi kasu gehiago diagnostikatzeko zioak. Adituen arabera, gora egingo du gaixotasun horren eragina datozen urteetan. Izan ere, minbizia ez da gaixotasun bakarra. Kontzeptu bakarrean ehundik gora tumore sartzen dira. Azken urteotan asko indartu da laborategietan tumoreei aurre egiteko terapia berrien ikerketa.
Manuel Serranok Espainiako CNIO zentroan (Onkologiako Ikerketa Zentro Nazionala) ikertzen du; tumoreen erauzketa ataleko burua da. Etorkizuneko terapiei dagokienean baikor da, baina garbi dio kirurgia dela egun minbiziari aurre egiteko tresna garrantzitsuena. «Modurik eraginkorrena da eta hala izaten jarraituko du. Tumorea fisikoki ezabatzerik bada, hori da onena». Kasu askotan kimioterapiaren laguntza behar izaten da ordea, eta kimioterapiaren atalean etortzen ari da aldaketa. «Terapia adimentsuagoak egiteko joera gero eta argiagoa da; kimioterapia hautatuagoa, toxikotasun gutxiagokoa egiten ari da, baina aldi berean eraginkorragoa. Terapia pertsonalizatuaz ari gara, noski».
Inbiomed zentroko Angel Garcia-Martin ikerlari nagusiak gonbidatuta etorri da Serrano Donostiara berriki. Biokutxa eraikineko Inbiomeden inaugurazioaren karietara antolatutako hitzaldietako batean entzuleria aditua ukan du. «Giza genoma ezagutzeak medikuntza pertsonalizatuaren aldeko aurrerapausoak ahalbidetu ditu», dio. Patologoak bereizten ez zituen minbiziek orain sailkapen desberdinak dituzte. «Xehetasuna, hatz digitala ikusten zaie orain tumoreei geneen azterketari esker, eta horrek eragiten du kimioterapia tumore zehatz batentzat egitea».
Minbizia ez dator kanpotik, gure gorputzaren barruan gertatzen diren mutazioek eragiten dute (papilomaren birusa eta beste salbuespenen bat kenduta). Horregatik da hain zaila eraginkorra izatea terapiak asmatzean. Bizitzarako oinarrizkoa den prozesu bat geratzea lortu behar da, gaizki funtzionatzen hasi delako. Baina ikerlarien erronka da mutazioa duen proteina blokeatzea, eta aldi berean mutaziorik bako zeluletan ondoriorik ez eragitea —edo ahalik eta gutxien eragitea—. Arazoa da mutazio desberdin asko deskubritzen hasiak direla geneetan, uste baino askoz gehiago. «Minbizia gaixotasun askotan zatitzen ari da», dio Serranok; «lehen esaten genuen bular minbiziak ezin zuela jaso birika minbiziak jasotzen zuen terapia bera; orain, berriz, bular minbizia bost klasetan sailkatu dugu, eta birikarena beste bostetan. Beraz, mota bakoitzarentzat terapia zehatz bat dago».
Genomaren garrantzia
Eta sailkapenetan sakontzeak beste arazo bat ekarri du minbiziaren aurkako ikerkuntzan: «Zenbat eta zatitze gehiago egin orduan minbizi mota gehiago aterako dira, baina mota batzuetan gaixo gutxiago sailkatuko ditugu, eta ezin da ahaztu botika berriak sortzeko milaka milioi euro baliatzen direla. Alegia, gaixotasun arraroekin gertatzen dena jazoko da ere minbizi mota batzuekin: ez dagoela aurrekonturik haiek ikertzeko. Minbizia gaixotasun arraro asko bihurtzen ari da, finean».
Giza genoma dekodetu zuten aspaldian, eta batik bat hura ematen ari den informazioaren ikerketa ahalbidetzen ari da minbiziaren ezagutza askoz sakonagoa; baina ez hori bakarrik, Serranoren ustez: «Azken 20 urteotan egindako lanaren fruitua da. Askoz lehenago diagnostikatzen da orain, jendeak azterketa gehiago egiten ditu... Genetikaren alorrean emandako pausoak oso garrantzitsuak dira, baina ez dira aldagai bakarra lortu ditugun aurrerakuntzak azaltzeko».
Asko hitz egiten ari da ospitaleetan gene sekuentziadoreen beharraz. Haien emaitzak gero eta garrantzitsuagoak izango dira terapia berriak gauzatzeko. «Egia da sekuentziadoreen lana garrantzitsua izango dela aurki ospitaleetan, minbiziaren tumorearen zelulak dekodetu egin beharko direlako, tumore horri izen-abizenak jarri ahal izateko. Baina gaixoaren genoma osoa dekodetzea ez dut uste beharrezkoa izango denik».
Zelulak birprogramatzen
Bestalde, gero eta diagnostiko goiztiarragoa lortzea oinarrizkoa den bezala, minbiziaren aurkako ikerketaren abangoardian dago zelulak birprogramatzea. Kirurgiaren ondorengo fasea litzateke. Hepatokarzinoma baten kasuan esaterako, gibeleko tumorea erauzteko ebakuntza egin, eta gero gibeleko zelula berriak sortzea da ideia, gaixoaren azaleko (adibidez) zelula batetik hepatozitoak sortzea, IPS zelulen bidez.
«Zelulen birprogramazioak onura izugarriak ekar ditzake minbiziari aurre egiteko, baina une honetan arazo teknikoak daude: IPS zelulak hepatozito (gibeleko zelula espezializatuak) bihurtu behar ditugu, adibidez, edota neurona jakin batzuk Parkinsonari aurre egiteko; horretan ari dira Inbiomeden, esaterako. Ez da arazo zientifiko bat, arazo tekniko bat baizik».
Shinya Yamanaka ikerlari japoniarrak lortu zituen lehen aldiz IPS zelulak (Induced pluripotent stem cells), 2006an; zelula heldu batetik abiatuta zelula ama baten pluripotentziala lortu zuen. Propietate horri esker zelula espezialiazatua lor zitekeen: hepatozitoa, kardiomiozitoa eta abar. IPS zelulekin hainbat arazo egon dira, ordea; ikerketa batzuen arabera, zelula birprogramatu horiek jatorrizko zelula helduen oroimen apur bat gordetzen dute. Minbizia sortzeko joera handiagoa izan dezaketela ere aipatu dute. Baina zelula sinple bat hartu (zelula heldua, adibidez azalekoa), pluripotentzialtasuna eman eta beste zelula espezializatu bat bihurtzeak abantaila izugarriak ematen ditu. «IPS zelulak perfektuak dira terapia berriak diseinatzeko. Badakit iritzi asko daudela honi buruz, baina nire senak esaten dit IPS zelulen bidea perfektua dela. Begira, orain gutxi ikerketa bat kaleratu dute esanez IPS zeluletan aurkitutako alterazio guztiak, mutazio guztiak, jatorrizko zelulenak direla, birprogramazioa egin aurretikoak direla alegia».
Minbizia gaitz kroniko bihurtu
Minbizia hitzaren pisua aldatzen doa emeki-emeki; «arintzen ari da», dio Manuel Serrano ikerlariak. Horretarako zioak badira hainbat tumoreen aurrean emandako aurrerapausoak kontuan hartuta. Hala ere, berri guztiak ez dira onak. Pronostikoari begira, hiru taldetan bereiz daitezke tumoreak gaur egun: sendatzen direnak, kroniko bihurtzen direnak eta oraingoz sendagaitzak direnak. «'Minbiziaren kontrako gatazka irabazten ari gara?' galdetu zidaten aurreko batean. 'Zein frontetan?' erantzun nuen. Izan ere, hainbat minbizi mota erabat sendatu dira, tartean linfoma batzuk, leuzemia batzuk eta barrabil minbizia, kasurako. Beste fronte batzuetan minbizia kroniko bihurtzen ari gara, adibidez bular minbizia. Kasu horretan bizi iraupena ez da urtetan neurtzen jadanik. 60 urteko emakume bati bular minbizia diagnostikatzen badiote, emakume hori beste zerbaiten eraginez hilko da seguruenera, ez minbizi horrengatik. Gehienetan ez da sendatzen, egia da, baina goiz diagnostikatuz gero, gaitz kroniko bihurtzen dugu.
Haatik, oraingoz sendagaitzak diren tumoreak ere badira. «Biriketako minbizia? Orain hasi gara kroniko bihurtzen, zenbait kasutan behintzat. Orain gutxi arte ez zegoen zer eginik. Urtebeteko edo bi urteko biziraupena ematen duten terapiak asmatu ditugu. Eta denbora tarte horretan gaixoa ondo dago. Gutxi dela pentsatuko du norbaitek igual, baina bada zerbait. Eta ez dut ukatuko zenbait frontetan erabat galdurik gaudela, adibidez, pankreaseko minbizietan. Badira minbiziak inolako biziraupenenik gabekoak».
Edonola ere, egungo gizartean hain hedaturik dagoen gaixotasunaren garapenaren aurrean esperantza handiak ditu Manuel Serrano ikerlariak; egoera modu sinplean laburbiltzen du: «Zalantzarik dago: hobea da minbizi bat gaur egun edukitzea, orain dela hamar urte edukitzea baino, eta are hobea izango da hamar urte barru edukitzea».
Ezarian. Zientzia. Manuel Serrano. CNIOko onkologia ataleko ikerlaria
«Kirurgia da minbizia sendatzeko modurik eraginkorrena»
Terapia pertsonalizatuek egungo prozedurak osatuko dituzte, baina ez dute aldaraziko tumoreak erauzteko kirurgiaren bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu