Gauez telebistaren aurrean jarri eta Alfred Hitchcock maisuaren lan bat ikusteko aukera izatea ez da batere plan txarra. Marnie ez dute inoiz sartu haren lan gorenen artean, baina hala eta guztiz ere film bikaina da honako hau. Mark (Sean Connery) Marnie kleptomanoarekin (Tippi Hedren) ezkonduko da, haren gaixotasuna sendatzeko asmoz. Istripu batek muturreko egoera batean jarriko du Marnie, eta Markek haren beldurrei aurre egitera bultzatuko du.
Winston Grahamen eleberri batean oinarritutako istorioa ez da beste munduko ezer, baina Hitchcockek, bere trikimailu, kamera mugimendu eta goitik behera filmatutako planoei esker, estetikoki oso erakargarri egiten du. Tippi Hedren eta Sean Connery aktore apartek hezurmamitutako pertsonaiak thriller psikologiko batean murgiltzen dira, eta intrigarik ez da inoiz falta. Hartara, istorioa halamoduzkoa izan zitekeen beste zuzendari baten eskuetan , baina kasu honetan film eder bat dugu. Urtzi Urkizu
############
Marnie, la ladrona
ETB2, 24:35. ZETB2, 22:00. Zuz.: Alfred Hitchcock. Akt.: Tippi Hedren, Sean Connery, Diane Baker, Martin Gabel, Louise Latham, Alan Napier, Bruce Dern, Mariette Hartley. 125 m. AEB, 1964.
############
Kleptomano baten inguruko drama bikaina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu